II. Txirrita mendi lasterketaren kamiseta aurkeztu dute
Txirrita mendi lasterketaren lehen urteko irudia. Maddalen Odriozola Iaz egin zuten lehenengo Txirrita mendi lasterketa, Altzako zenbait bizilagunek antolatuta, eta arrakasta handia izan zuen, antolatzaileek nabarmendu dutenez. 185 korrikalarik eman zuten izena, eta 150 atera ziren azkenean; Altzako San Martzial plazatik abiatu ziren, eta 16,7 kilometroko ibilbidea egin zuten, Altzako, Errenteriako eta Astigarragako lurretatik. Emaitza horien ondoren, gogotsu hasi dira II.Txirrita mendi lasterketaren antolakuntzan, eta dagoeneko sortu dute kamiseta berria.
Sare sozialetan zabaldu duten irudi batekin eman duten elastikoaren berri: “Espero dugu zuen gustukoa izatea! Oraindik izena eman ez baduzu gogoratu kamisetaren taila ziurtatzeko azken eguna uztailak 21 dela!”. Adierazi dutenez, halaber, oso dortsal gutxi falta dira abuztuaren 4ean egingo den lasterketarako. Aurten, banakako lasterketarekin batera, errelebo lasterketa ere egongo da. Lehenak hogei euroko kostua izango du, eta bigarrenak 30 eurorena (prezio hori bikoteari dagokio; hau da, hamabosna euro partaide bakoitzeko). Informazio guztia lasterketaren webgunean dago ikusgai.


