Amara Berriko arrandegiak omenduko dituzte karmenetan
Itsasoarekin hertsiki lotutako hiria da Donostia, eta, hori dela eta, Karmengo jaiek garrantzi berezia izan dute historikoki, baita gaur egun ere. Horrela, kaian ez ezik, beste auzo batzuetan ere ospatzen dira jaiok, hala nola, Amara Berrin.
Amara Berriko Karmengo jaietako jai batzordeko zenbait kide.Beñat Parra Auzo handia da Amara Berri, eta auzo handi batek jai handiak edo, gutxienez, ugariak behar ditu. Handiak diren edo ez herritarrek epaitu beharko dute, baina ugariak direla ezin da ukatu —ase ezinen batek ukatuko duen arren—, sanjoanak ospatzen baitituzte ekainean, karmenak uztailean eta Superxagu jaiak urrian. Karmengo jaien txanda iritsi da dagoeneko. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
«Nahiko festa xumeak dira. Garai batean handiagoak izaten ziren, baina jende gutxi gabiltzanez antolaketan, txikiagoak dira orain», aitortu du jai batzordeko kide Nerea Albisuk, baina txikiak izanda ere, jai batzordekoak nabarmendu du auzoa alaituko dutela aurten ere: «Auzo elkartean pozik gaude, azken urteotan jende asko gerturatu delako auzo elkartera, eta gauzak egiteko gogoz dago. Jaietan, agian, jendea ez dago horren inplikatuta, baina gauden gutxiak gogoz eta ilusioz gaude, eta jarraituko dugu auzoa animatzen eta alaitzen saiatzen, jaiekin. Gogoa eta ilusioa ez dizkigu inork kenduko inoiz».
Arrandegiei omenaldia
Amara Berrin, egun, ez daukate itsasorako sarbide zuzena, baina ondo dakite Karmengo Ama Birjina arrantzaleen patroia dela. Hori dela eta, duela urte batzuk egin zuten egitasmo bat berreskuratu dute, berritasun gisa: auzoko arrandegiei omenaldia. «Egin genuenean, oso polita izan zen, eta horregatik erabaki dugu berreskuratzea. Azkenean, beti auzoari jaiak laguntzeko eskatzen diogu, eta, nolabait, laguntza hori bueltatzeko modu bat da. Orduan, kalejiran joango gara arrandegiz arrandegi, Antso Jakitunaren hiribidetik Arcco merkataritza gunearen atzealderaino, arrantzalez jantzita, txistulariekin eta bakoitzari lore sorta bat emango diogu».
Jaiak, bere horretan, ostiralean hasiko dira, eta asteburu osorako egitarau zabala prestatu dute
Hori hurrengo asteartean, Karmengo egunean (hilak 16) izango da, baina jaiak, bere horretan, ostiralean hasiko dira, eta asteburu osorako egitarau zabala prestatu dute jai batzordekoek. Ohiko legez, ez dira faltatuko sardina jan eta danborrada arrakastatsuak.
Berritasun gehiago ere badira
Arrandegiei omenaldia egiteaz gain, beste berritasun batzuk ere prestatu dituzte aurtengo karmenetarako. Alde batetik, auzoko haurrentzako marrazki lehiaketa egin dute jaien aurretik, eta lan irabazlea, jaietako ikur Karmentxu balea protagonista duena, izango da jaietako liburuxkako azala. Gainera, haur irabazleak saria jasoko du jaietako larunbatean.
Bestetik, igandean bi berritasun izango dituzte, Albisuk kontatu duenez: «Auto klasikoen erakusketa bat egongo da goizean, eta buelta bat emango dute auzotik ondoren. Eta, eguerdirako, poteo elegantea berreskuratu dugu aurten. Dibertigarria izango da!».

