Mokozabal bat agertu da Antiguako Zubimusu parkean
Hegazti bisitari oso ezohiko bat eduki du Antiguak egunotan: mokozabal bat. Zubimusu parkean egon da gutxienez bi egunez, asteazkenean eta ostegunean, urmaelean janaria bilatzen, eta abar. Aldiz, gaur goizean dagoeneko ez zebilen han, beraz, litekeena da dagoeneko alde egin izana.
Itsas Enara ornitologia elkarteko Xabier Saralegik hedabide honi azaldu dionez, “erabat ezohikoa” da mokozabala Donostian agertu izana, hainbat arrazoirengatik. Alde batetik, garai honetan agertu izanagatik: “Abuztuan hasten dira ikusten lehenengo talde migratzaileak eta beti taldeetan”; hain zuzen ere, Martuteneko Antondegi eremutik ikusi izan dira pasatzen, migrazioan. Bestetik, “horrelako parke urbanoetatik ez direlako pasatzen. Are gutxiago horren denbora luzez”.
Halaber, Saralegik azaldu du “ale heldugabea” dela: “Buztan aldean luma beltzak eta mokoan tonu arrosak ditu”. “Baliteke zauritua egotea. Baina ez da segurua. Antza, putzu horretan janaria topatzen ari zen”, gaineratu du. Gogoratu behar da animalia basatia dela mokozabala, eta animalia guztiekin gertatzen den moduan, ikusiz gero, ez dela komenigarria gerturatzea, eta, are gutxiago, ukitzea eta molestatzea.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastian argazkilariak mokozabalari egindako argazkiak eta Zubimusun grabatutako bideoa ikusi ditzakezue: