Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen alde busti dira Kontxan
'Busti Zaitez' kanpainarekin bat egin zuten atzo hamarnaka lagunek. Hamarnaka lagunek egin zuten bat atzo Esklerosi Anizkoitzaren inguruko 22. Busti Zaitez kanpainarekin, Kontxako hondartzan. Erlojuetan egin zen ekitaldi nagusira hainbat esparrutako pertsona ezagunak joan ziren, esklerosia duten pertsonen aldeko bainua hartzera. Horien artean, Mariaje Idoeta Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi delegatua, Txaro Rodrigo Mendetasunari eta Desgaitasunari Laguntzeko zuzendaria eta Belen Larrion Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurrak Zaintzeko eta Gizarteratzeko zuzendaria, Ane Oiarbide bigarren alkateordea eta Donostiako Udaleko Ekonomia eta Enplegu zinegotzia eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institututik, Alvaro Prada Iñurrategi doktorea.
Ademgi elkarteak azaldu duenez, Busti Zaitez ekimenaren bidez, gizartearekin elkarlanean jarraitu nahi dute, EAEn 2.600 pertsonari eragiten dion gaixotasun horren berri emateko eta sentsibilizatzeko. Gipuzkoan, 750 pertsonek pairatzen dute Esklerosi Anizkoitza.

