Dantz jaialdia asteburuan borobilduko dute
Donostiako zortzigarren Dantz jaialdia abian da, eta larunbata bitarte luzatuko da.
Dantzarako doinuek hartuko dute hiria datozen egunetan. Ametsak gaia ardatz gisa hartuta, atzo hasi zen zortzigarren Dantz jaialdia. Egitaraua osorik hemen ikus dezakezue. Dena dela, ostiraleko eta larunbateko programazioa nabarmendu dute antolatzaileek.
Ostiralean, hilaren 19an, Miramongo Anfiteatroa girotuko dute. Eguraldi iragarpena txarra bada, Illunbera mugituko dituzte emanaldiak. Nazioarteko eta bertako hainbat artistek parte hartuko dute 16:30etik 01:00etara: Avalon Emerson, Courtesy, Dekmantel Soundsystem, Dubos, Pional eta Gela.
Horien artetik, Avalon Emerson estatubatuarra, Dekmantel Soundsystem herbeheretarra eta Courtesy danimarkarra gomendatu dituzte. Avalon Emersonen saioek house, techno, new wave, EBM eta rave doinuetan ezagutza sakona islatzen dute, baita DJ moldagarri baten esperientzia ere. Bere estiloak denboraren edo generoaren mugak gainditzen ditu, aurreko garaietako dance musika egungo soinuekin eta bere ekoizpen eta edizioekin uztartuz. Dekmantel Soundsystemek, berriz, DJ set hipnotikoak gauzatzen ditu, sorpresa liluragarriz eta bitxi zoragarriz beteak. Gustu oneko eta 360 graduko musika elektronikoaren ikuspegia eskaintzen du, azken urteotan Herbehereak eta bertako eszena mapan jartzen lagundu duena. Aldiz, Courtesy Danimarkako DJ, musikari eta artista ezaguna da. Dance musikako bere hautaketa zirraragarriengatik da ezaguna, eta mundu osoko biretan areto zein jaialdi ospetsuetan egindako emanaldiengatik.
Larunbatean, hilaren 20an, Illunbeko zezen plazan ariko dira hainbat artista esanguratsu 15:30etik 06:00etara: Apparat, Palm Trax, LaMia Mari, YX3, Topanga Kiddo, Javier Carballo, Kittin, Ian Pooley, Hunee, Call Super.
Antolatzaileek Apparat alemaniarra, Palms Trax, Hunee eta Kittin nabarmendu dituzte. Apparat egungo panorama elektronikoaren artista interesgarrienetako bat da, dantza eta musikaren arteko parametroak etengabe birformulatzen dituen soinu ilusionista. Palm Trax Londresko disko denda batean hasi zen lanean, eta han Chicagoko houseko eta Detroiteko technoko maisuak ezagutu zituen. Huneek dantza pistarekin harreman estua du. Kabinaren beste aldean dagoen jendearekin ospatzen duen DJ-a da, denbora eta lekua gainditzen dituen bidaia musikal batera eramaten dituena. Kittin aitzindaria izan da elektroclashean, laurogeita hamarreko hamarkadako new wave eta technoaren arteko talka zikin eta lotsagabean.
Sarrerak eta garraio publikoa
Antolatzaileen arabera, sarreren salmentak erantzuna ona izan du, eta egunezko azken sarrerak zein abonuak geratzen dira salgai jaialdiaren webgunean. Era berean, jaialdiaren guneetako leihatiletan erosi ahalko dira.
Miramonera eta Illunbera igotzeko garraio publikoari dagokionez, Dbusen ohiko lineak martxan egongo dira. Jaisteko, berriz, autobus zerbitzu berezia eta doakoa eskainiko dute. Zehazki, Miramonen Oriamendi-Pakea geltokitik Urbieta jalera 00:30etatik 01:30etara, eta, Illunben, zezen plaza albotik Bilbo plazara 04:00etatik 07:00etara.