Ondarreta hondartzan ere karabela portugesak agertu dira
Zurriolako eta Kontxako hondartzetan ez ezik, Ondarretakoan ere agertu dira karabela portugesak. Donostiako Udalako iturrien arabera, gaur goizean lau karabela portuges ikusi dituzte Ondarretan. Hori dela eta, bandera horia jarri dute, marmoken bandera zuriarekin batera. Udalak gaineratu duenez, azken egunotan bildutakoak baino txikiagoak dira gaurkoak.
Atzo sei karabela agertu ziren Zurriolan, Sagues inguruan, eta beste bi Kursaaletik gertu. Azken horietako batek ume bat ziztatu zuen, baina ez zen larria izan.
Hilaren 7an agertu ziren lehendabiziko karabelak Donostiako kostaldean. Zehazki, Kontxako hondartzan, eta lehen ziztadetako bat Santa Klara uhartearen inguruan izan zen.