Sorospen zerbitzua indartzeko ontzi berri bat du salbamendu zerbitzuak
Sorosleak uretan, artxiboko irudi batean. Udalak salbamendurako ontzi berri bat erosi du, badiako eta hondartzetako sorospen zerbitzua indartzeko asmoz. Zodiak berria gorria da, polietilenozkoa eta bost metroko luzera eta bi metroko zabalera ditu. Asteartean hasi ziren sorosleak ontzi berria erabiltzen, eta egunero, 10:00etatik 20:00etara, etenik gabeko zerbitzua eskainiko du, irailean hondartza denboraldia amaitu arte.
Gehienez zortzi lagunentzako lekua eta erreskatatuak eramateko ohatila bat du, eta dagozkion konexio elektronikoak ditu hondartzetako dorreekin kontaktuan egoteko. Ontzi berriaren kostua 18.000 eurokoa izan da, eta Donostiak duela urte batzuk zuen zerbitzua berreskuratu du.
Zurriolan ez da sartuko
Ontzi honekin badian eta Kontxan, Ondarretan eta Santa Klara uhartean soilik jardun ahal izango da. “Horrekin ezin gara Zurriolara sartu. Groseko hondartzan itsasoaren baldintzak direla eta, olatu gehiago daudenez, ez erabiltzea komeni da. Han uretako motorrak erabiltzen ditugu larrialdiei aurre egiteko. Gauza bera gertatzen da FCC garbiketa ontziarekin. Edozein unetan irauli daitezke”, azaldu du Carlos Garciak, udaleko Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak.

