Gau giro aldaketa, Santio jaiak berritzeko
Hilaren 24an lehertuko da festa Zubietan, eta hortik aurrera, zortzi egun izango dituzte herritarrek Santio jaiak ospatzeko. Aurten, kontzertu aldaketez gain, bertso bazkaria egingo dute aurrenekoz.
Oso «indartsu» datoz Zubietako Herri jaiak aurten. Hala iragarri du Elur Zaldua jai batzordeko kideak (Zubieta, 2004) hilaren 24tik 31era bitarteko egitarau berria aurkeztu duenean. Zubietarrek zortzi egun izango dituzte festa giroari zuku guztia atera eta herrikideen arteko egitasmoak behar bezala ospatzeko. Urteroko moduan, adin tarte guztietarako egitarau zabala ondu du jai batzordeak eta goiz, arratsalde eta gau partean jarduerak ez dira faltatuko.
Jai batzordeko Whatsapp taldean urte hasieran elkarbanatu zituzten lehen mezuak, eta geroztik, bilera andana egin dituzte kideek. «Taldean 35 gara, baina bileretan hamar edo hamabost agertzen gara», azaldu du Zalduak. Gazte jendeak osatzen du taldea bere osotasunean —zaharrena ez da 30 urtera ailegatzen—; batzuei «esperientzia pixka bat» falta zaie, baina hori ez dute oztopo herriko jaien antolakuntza gogotsu hartzeko: «Burokrazia eta kontratuak izaten dira konplikatuena, baina pixkanaka, joango gara esperientzia eskuratzen», adierazi du kideak.
Prestakuntza oro abiatu baino lehen, oholtza gainean egongo diren taldeak finkatzea izan ohi dute aurreneko jomuga. Aurten, baina, ohi baino zailagoa suertatu zaie lehen erabakiak hartzea: «Mila bozketa egin ditugu eta buelta asko eman dizkiegu hartutako erabakiei. Hori hobetu behar dugu datorren urterako». Denboran «gehiegi» luzatu izanak, aldaketak eragin ditu hasierako planteamenduan, baina jai batzordeko kideak pozik daude lortutako programarekin.
Aldaketaren aldeko hautua
Aurten, ohi moduan, hilaren 24, 27 eta 30 izango dituzte parranda egun nagusiak. Jaien lehen egunean, Itzal taldearekin astinduko dituzte gorputzak; 27an, berriz, Trikidantz, Bad Sound System eta Txolas DJ-a izango dituzte pilotalekua girotzen; eta Gaupasa egunean —hilaren 30a— Ithaka, Xiberoots eta Fantasia DJ-a arituko dira oholtza gainean.
Zalduak aitortu du «jendea harrituta» gerturatu zaiela egitarauan Gozategi taldearen falta sumatu dutenean. Talde oriotarrak urte mordoa daramatza herria dantzan jartzen. Aurten, ordea, tradizioa apurtu eta talde berriei espazioa eskaintzeko hautua hartu dute jai batzordeko kideek: «Barruko eztabaida bat izan da, batzuk aldaketaren aldekoak zirelako. Iaz aldatzekoak ginen, baina azkenean, aurten hartu dugu erabakia».
Oholtzatik kanpo ere aldaketak izango dituztela iragarri du Zalduak. Hilaren 25ean, Patxi eta Konpainia izango dute bueltan, azken urtean euren falta sumatu zen eta. Hilaren 27an, berriz, bertso bazkaria egingo dute aurrenekoz, Eli Pagola eta Eñaut Martikorenarekin, eta festak luze joko duela iragarrita, Gurdi Rock jaialdia arratsaldera lekualdatzea erabaki dute: «Larunbata tokatzen denez, arratsaldetan abiatuko ditugu kontzertuak». Biharamunean, berriz, Gastronomia eguna egingo dute indarrak berritzeko. Besteak beste, krokepoteoa eta patata tortilla txapelketa antolatu dituzte jai batzordeko kideek.
Berritasunak berritasun, tradizioari eutsiko diote Zubietan, eta ohi moduan, Santio eta San Inazio egunetako mezak, herri kirolak, Ipar Euskal Herriko jokoak eta herritarren arteko errebote partida ez dira faltatuko: «Errebote partida sakratua da, hori bai ezin dugula kendu».