Iñaki Salvadorrek kontzertua eskainiko du igandean Chillida Lekun
Jazzaldia uztailaren 23an hasiko den arren, uztailaren 21ean, Txoria nuen maite Iñaki Salvadorren kontzertua izango da Chillida Lekun, 19:30ean. Pianoan eta musika zuzendaritzan arituko da Salvador, eta berarekin batera honako taldea izango du oholtzan: Ainara Ortega (ahotsa), Maria Berasarte (ahotsa), Hasier Oleaga (bateria), Aitor Bravo (bateria), Javier Mayor (kontrabaxua) eta Angel Unzu (gitarrak, buzukia, perkusioa).
“Iñaki Salvador donostiarra giltzarria da Euskal Herriko musikaren azken hamarkadetan eta, zalantzarik gabe, gure Jazzaren nazioarteko ordezkari garrantzitsuenetako bat. Pianista, konpositore, moldatzaile eta irakasleak piano, harmonia eta konposizioko ikasketak egin zituen, Jose Antonio Medina eta Jesus Gonzalez Alonso pianisten edo Francisco Escudero konpositorearen zuzendaritzapean. Musika modernoari eta Jazzari dagokienez, autodidakta izan zen funtsean”, azaldu du Donostia Kulturak.
Bere ibilbide luze eta oparoan disko ugari argitaratu ditu, arrastoa utzi duten proiektuak sortu ditu, zinema, telebista, antzerki eta dantzarako soinu bandak konposatu ditu, eta musikari ugarirekin kolaboratu du, besteak beste: Mikel Laboa, Perico Sambeat, Allan Skidmore, Pedro Iturralde, Jean Toussaint, Jorge Pardo, Javier Colina, Noa, Jesse Davis, David Xirgu, David Gómez, Mario Rossy, Jorge Rossy, Charles Tolliver, Raynald Colom, Mikel Andueza, Gonzalo Tejada, Joaquín Chacon, Alvin Queen…
Donostiako Jazzaldian parte hartu zuen aurreneko aldia hamazazpigarren edizioan izan zen, 1982an, eta bere emanaldi hari esker irabazi zuen bakarlari onenaren saria Euskal Taldeen Lehiaketan. Salvadorrek Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen 2020an, eta Jazzaldian gehien parte hartu duen musikaria da.
Iñaki Salvadorren zazpikoteak Mikel Laboaren musika berregiten du musika inprobisatuaren eta Jazzaren estetikatik.