Lur azpiko aparkalekuen txandakako plazen kopurua laurden bat gutxitzea proposatu du EH Bilduk
Udal taldeak berretsi du Telpark enpresaren eta udalaren arteko akordioak ez dituela "neurri eraginkorrak" aurreikusten.
EH Bilduten ustez, Donostiako Udal Gobernuak ez du lur azpiko aparkalekuetako txandakako plazen erabilera bultzatzen. Plazen tarifa udan %23 garestitzea ez zaie iruditzen disuasio neurri bat, eta “ez du zirkulazioa murriztuko”.
Hori dela eta, datorren asteko udalbatzarrean —hilaren 24an izango da—, kontrol mozio bat aurkeztuko du EH Bilduk. “Udal gobernuari eskatuko diogu Telpark enpresarekin adostu dezan txandakako plazen kopurua progresiboki murrizteko eta beste erabilera bat emateko. Lehen fase batean, 2025ean, eraldaketa horrek Erdialdeko aparkalekuetako txandakako plazen %25 hartzea proposatzen dugu, eta, hortaz, txandakako 615 plazari beste erabilera bat ematea”. Hau da, 2025erako plaza horien laurdena murriztea proposatu dute.
Gaur egun, Telpark enpresak Bulebar, Okendo, Katalunia plaza, Kontxa eta Easoko lur azpiko aparkalekuetan 2.463 txandakako plaza ditu.