Ondarretako harriak kenduko dituzte, marea biziak aprobetxatuz
Ondarretako hondartzatik harriak kentzea aurreikusten du udalak uztailaren 21ean, 22an, 23an eta 24an. Hala ere, ohartarazi dute itsasoaren baldintzak direla behin betiko egutegia zehazten dutenak.
Carlos Garcia hondartzetako zinegotzi arduradunak adierazi duenez, “asmoa ahalik eta harri gehien kentzea da, eta azken asteetan berriro agertu dira Ondarretan, mareak direla eta. Egun horietan marea biziak daudela aprobetxatuz, hondeamakinarekin eta ura kentzeko makinarekin lan egingo da, eta kamioiak harriz betetzen joango dira Astigarragako Ekotrade lantegian tratatzeko”.
Aranzadirekin eta harriak kentzeaz arduratzen den enpresarekin aurreikusitako plangintzaren barruan, hondeamakina eta hiru kamioi igande gauean hasiko lirateke lanean, eta uztailaren 23tik aurrera, husteko makina eta beste lau kamioi erabiliko lirateke.