Putreen aurkako hesia, etxebizitza ekosistema defendatzeko
Groseko hainbat maizterrek, Saretxe etxebizitza sindikatuarekin elkarlanean, Azora putre funtsaren gehiegikeriak salatu dituzte. Bizilagunek elkarrekin egin nahi diote aurre jabetza duen enpresari, eta manifestaziora deitu dute, hilaren 25erako.
Jakina da etxebizitzaren arazoa larria dela Donostian: turismoari lotutako jarduerak eta espekulazioak alokairuko metro koadroaren prezioak igo ditu nabarmen azken urteotan, eta prezioen gaineko kontrol faltaren aurrean, putre funtsak ugaritu dira hirian. Hiriaren mendebaldean hartu dute lurra Blackstone eta Testa Socimi tankerako enpresek, eta Azora hiritik barreiatuta dagoen arren, Grosen du erreinua. Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez, 2020an iritsi zen Azora auzora, Inmobiliaria Vascongadaren jabetza guztiak erosi ondotik. Orduz geroztik, askotariko presio eta arazoak pairatu dituzte putre funtsaren jabetzapean dauden etxebizitzetako bizilagunek, eta sindikatuaren babesarekin, modu antolatuan batu behar izan dira gehiegikeriei aurre egiteko. Hain zuzen, prentsaurrekoa egin dute berriki, azken arazoen berri emateko.
Saretxek azaldu moduan, Azoraren etxebizitzetako maizterrek aseguru bat ordaindu behar dute, urtero-urtero, ustezko ordainketa eza estaltzeko. Klausula hori 2022 urteaz geroztik egindako hitzarmenetan jartzen hasi ziren, pandemiaren ostean Azorak sinatutako alokairu berrien kontratuetan, hain zuzen ere: «Klausula horren funts nagusia jabedunen irabazi tasa bermatzea besterik ez da». Gauzak horrela, urtero, hitzarmena berritu behar duten bakoitzean, 500 euro inguru ordaindu behar izaten dituzte, Azoraren jabetzapean dauden dozena erdi etxetan baino gehiagotan.
Horietako etxebizitza batean bizi da Isaac Iagos, bikotekidea, bi seme-alaba eta koinatarekin batera. Maizterrak azaldu duenez, bi urte eta erdi daramatzate bertan, eta hasieratik, «ezinbesteko» eskakizun gisa izan dute alokairuaren asegurua: «Kontratua sinatu genuen unetik zetorren klausula hori, baina ez genekien neurriz kanpokoa zenik».
Iagosek ez ezik, Saretxeko kideek ere uste dute «gehiegizkoa» dela hitzarmenaren letra xehean bete beharreko baldintza hori. Adierazi dutenez, halako aseguruei «etxebizitzaren jabeak egin behar dio aurre», Herrialde Katalanetako kideek berretsi dieten moduan. Jakinarazi dutenez, halaber, «baliteke salaketa jarriz gero, epaileak klausula hori baliogabetzea». Hala, «alokairu greba» gisa bataiatutako protesta ekintza abiarazi dute, asegurua kentzeko eskatu eta negoziazio mahaia bultzatzeko. «Bizilagunak greban deklaratu dira eta mehatxuak besterik ez dituzte jasotzen, baina salaketarik ez. Baliteke haiek ere jakitea epaitegian ez dutela ezer egiterik».
Utzikeria, bizilagunak kanporatzeko
Asegurua, baina, azken urteotan egin dizkieten gehiegikerien ginga baino ez dela aitortu dute maizterrek. Iagosek azaldu duenez, «alokairuak altuak» izan arren, azpiegiturak ez daude egoera egokian: «Egunero, etxetik botako gaituzten beldurrez bizi gara, eta, gainera, antsietatearekin eta umore txarrez gaude, etxeko zati batzuk eta etxetresna elektrikoak gaizki dabiltzalako. Arazoak ditugu galdararekin, eta etxebizitza batzuetan ur bero falta dagoenez, eltze batean berotutako urarekin busti behar izaten dituzte haurrak». Era berean, ur ihesak, ixten ez diren pertsianak, modu egokian funtzionatzen ez duten etxetresna elektronikoak eta kristal hautsiak dira bizilagun askoren egunerokoa: «Badira hainbat urte Inmobiliaria Vascongadak eraikinean zeuden konponketaz arduratzeari utzi ziola, eta geroztik, egoera jasanezina bilakatu da bizilagun askorentzat», salatu dute sindikatutik.
Baldintza horiek hobetzen ez zirela ikusita, bizilagun batzuk euren etxebizitzak utzi behar izan dituzte azken urteotan: «Kontziente gara honek guztiak jabetzak berak dituen berezko interesei erantzuten diola, egungo bizilagunak kaleratu eta pisuen balioa handitzearen bitartez, gure esfortzu eta izerdiaz aberasten jarraitzea helburu duelako. Kapitala metatzea, hain zuzen ere», salatu zuten Saretxeko kideek prentsaurrekoan.
Ordainketa eza estaltzeko asegurua jarri behar izateaz gain, baldintza txarretan bizi dira Azora putre funtsaren etxebizitzetako bizilagunak
Mobilizazioetan bidea
Iagosek eta Saretxeko kideek azaldu dutenez, putre funtsak auzora iritsi zirenetik, maiz saiatu dira Azora eta Inmobiliaria Vascongadarekin harremanetan jartzen, baina gaur-gaurkoz, ez dute inolako erantzunik. Ez enpresa pribatuen aldetik, ezta administrazio publikoaren aldetik ere. Maizterrak azaldu duenez, denbora horretan, bizilagunen babesa baino ez dute topatu. Hain zuzen, bizilagunak elkartzen hastea lortu dute Saretxe sindikatuan eta oraindik kasu guztien «loturak eta zubiak eraikitzea» lortu ez duten arren, ari dira, dagoeneko, babes sarea ehuntzen. Bide horretan, atez atekoak, propaganda, bideoak eta prentsaurreko andana egin dituzte, egoeraren berri eman eta babesa bilatzeko.
Era berean, bizilagunen egoerak hobera egiten ez duela ikusita, etxebizitzaren arloko espekulazioaren aurkako eta etxebizitza eskubidearen aldeko manifestaziora deitu du sindikatuak, hilaren 25erako. Manifestazioa Katalunia plazatik abiatuko da 12:00etan, eta auzotik igaroko da bizilagunen egoera salatzeko. Saretxetik adierazi dutenez, halaber, baliteke geldialdiren bat egitea, auzoko beste bloke batean ere antolatzen ari baitira bizilagunak, kaleratze aginduen aurka.