Donostia Arraun Lagunakek zortzigarrena astindu du
Donostiarrako mutilek eskura izan dute Boiroko bandera, baina azken unean Urdaibaik eskuratu du.
Galiziako uretan jokatu dira asteburuan Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Gaur goizean ere, Donostia Arraun Lagunakek irabazi du Boiron. Erakustaldia eman du Lugañenea ontziak, nahiz eta ziabogan segundo batzuk galdu. Horrela ere, bigarren luzean agerian utzi dute gainerako traineruekiko duten abantaila. Donostiarrak ere estropada ona egin du, eta bigarren sailkatu da hamabi segundora. Azken estropadetan nabarmen hobera egiten ari dira. Tolosaldea izan da hirugarren eta Orio laugarren.
Atzo, berriz, gehiago kostatu zitzaion Donostia Arraun Lagunaki, Ribeirako itsas eremuan. Horrela ere, traineru barruko indarrari esker eskuratu zuten bandera Tolosaldea, Orio eta Donostiarra mendean hartuta. Hain zuzen ere, liga erdia beteta, Donostia Arraun Lagunak da Euskotren Ligako lider sendoa, 64 punturekin. Tolosaldea bigarren eta Orio hirugarren sailkatuekiko —48 puntu dituzte biek— 16 puntuko aldea dute. Donostiarra, berriz, laugarren tokian dago 45 punturekin.
Donostiarra, bigarren
Denboraldiko emaitzarik onenak Galiziako uretan eskuratu dituzte Donostiarrako mutilek. Bigarren postuan sailkatu dira asteburuko bi estropadetan, eta konfiantza irabazteko baliagarria izango da beraientzat. Gaurkoan, ohorezko txandan aritu dira, eta Urdaibai liderraren aurkako buruz burukoa izan dute. Azkenik, ordea, amore eman behar izan dute, baina soilik hiru segundora geratu dira.
Aldiz, atzo, Zierbenaren atzetik sailkatu ziren Ribeirako banderan. Orduan, bai, Urdaibai gainditu zuten itsas eremuan. Sailkapen nagusian, Donostiarra bosgarren tokian dago 70 punturekin, eta oso gertu dituzte laugarren eta hirugarren postuak —Oriok 72 puntu ditu, eta Hondarribiak 71—.
Euskotren Ligako 7. jardunaldiko denborak eta sailkapenak.
Eusko Label Ligako 7. jardunaldiko denborak eta sailkapenak.
Euskotren Ligako 8. jardunaldiko denborak eta sailkapenak.
Eusko Label Ligako 8. jardunaldiko denborak eta sailkapenak.