Alex de la Iglesia izango da Beldurrezko Astearen aurpegi nagusia
Franz Kafkaren lanek tarte berezia izango dute urriaren 25etik azaroaren 1era bitarte egingo duten zinema jaialdian.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. asteak badu protagonista. Aurten, Alex de la Iglesia zinemagilearen ibilbidea nabarmendu nahi izan du antolakuntzak, eta, era berean, gorazarre egin nahi izan dio Franz Kafka autoreari, bere heriotzaren mendeurrenean, fantasiazko zineman izan duen eragin handia dela eta. Hala, Santiperez Santiago Perez Dominguez marrazkilari eta gidoilariak zinemagilearen irudia eta autore txekiarraren metamorfosia uztartu ditu aurtengo irudi nagusian.
Beldurrezko Astearen kartel ofizialean lurrean eserita ageri da De la Iglesia, ispilu aurrean duen islarekin nabarmen deseroso. Argiztapen gorri batekin, zinemagilea antzoki batean balego bezala ageri da, eskura izaten dituen objektu pertsonalekin eta rol jokoen ikonografiarekin. “Ikonografiari dagokionez, labezomorroa jarri izana oso adierazgarria da, nire film gehienetan agertu baita”, adierazi du zinemagileak.
De la Iglesia “oso pozik” agertu da Santiperezen lanarekin, eta jaialdiak bere ibilbidean izan duen garrantzia nabarmendu nahi izan du: “Jaialdi hau nire izaeraren, eta nire lanbidearen jatorria da. Niretzat, maila emozionalean, Nazioarteko Zinemaldia baino garrantzitsuagoa da Beldurrezko Astea”, aitortu du. Santiperez diseinatzailea, bere aldetik, sorkuntzaren argi-ilunez aritu da. Azaldu duenez, hogei zirriborro egin ditu, “aukerarik poetikoena” hautatu aurretik: “Ez dut lan metodo finkorik. Oso gaizki pasatu behar dut, eta miserian murgildu, lanaren %95era iritsi arte, eta trantze txarra arindu arte”. Aitortu duenez, halaber, zinemagilearen irudiak ikusi dituen arren, bere buruan “sortu” behar izan du aurpegiko keinua.
Kafkari tartea
Irudiak, era berean, jaialdiaren inguruko programazioarekin lotura berezia duela adierazi du Beltranek. Franz Kafkaren mendeurrenarekin bat eginez, Kafka, lo kafkiano y el cine fantastico liburua aurkeztuko dute Sitgeseko zinema jaialdian (Herrialde Katalanak). Gainera, aurtengo programazioan autore txekiarraren lanetan oinarritzen diren film luze eta laburren ziklo bat izango dutela iragarri du zinema jaialdiaren zuzendariak. Gainerako proiekzioak Zinemaldiaren aurretik iragarriko dituztela baieztatu du Beltranek, gaur gaurkoz, “filmen aukeraketan” jarraitzen dute eta.