Igarotako bidearen kronologia bat

Zaintza langileen zainketa propioa aldarrikatu dute

Denon Bizitzak Erdigunean plataformak deituta, dozenaka emakume elkartu ziren atzo eguerdian, Bulebarreko kioskoaren inguruan, zaintza langileen eskubideen alde borrokatzeko. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako etxeko eta zaintzako emakumeak bildu ziren—arrazializatuak, ia denak—; sektoreko langile guztientzako hitzarmen bat eskatzeaz gain, zaintza propioa politizatzeko aldarrikapena atera zuten kalera. Horretarako, hainbat geldialdi estrategiko egin zituzten Donostian barrena egindako ibilbidean.

Bulebarretik irtenda, osasun fisiko eta mentalerako funtsezko errebindikazioa egin nahi izan zuten “oporraldiaz, denbora libreaz eta aisialdiaz” gozatzeko eskubideak aldarrikatuta. Horren ondotik, Eusko Jaurlaritzaren egoitzara egin zuten bidea, eta baita Gipuzkoa plazara, euren aldarrikapenak foru aldundiaren aurrean plazaratzeko: besteak beste, prestakuntza soziosanitarioa ezinbestekoa izatea eta Atzerritarren Legea gaitzetsi zituzten, oztopo gehiago jartzen baitizkiete. Mobilizazioaren geldialdiak Gros inguruan izan ziren: Santa Katalina zubian emakume askok migrazio prozesuan jasandako indarkeria salatu zuten, eta Katalunia plazan,  espazio publikoa hartzeko beharrari buruz mintzatu ziren.

Mobilizazio hori zaintza langileek osatutako hainbat kooperatiben arteko hausnarketa prozesu baten emaitza izan da: Hegoaldetik Enarak eta Arabako Etxeko eta Zaintzako Langileen Elkartea (Athca), Bidez Bide eta Maitelan (Gipuzkoa), Trabajadoras no Domesticadas eta Mujeres del Mundo (Bizkaia), eta Thycna (Nafarroa), dira horiek. Kooperatiba horiek iazko azaroan greba orokor feminista deitu zuen Denon Bizitzak Erdigunean sarearen bitartez, zaintza sistema duintzeko.

 

HITZAkide HITZAkide