Gaur hasiko da 59. Jazzaldia
Silvia Perez Cruz abeslari kataluniarrarekin abiatuko dira kontzertuak.
Silvia Perez Cruz, 2021ko Jazzaldian. Jazzaldia Bertako zein atzerriko 391 artistek hartuko dute parte, gaur hasi eta igandera arte luzatuko den 59. Jazzaldian. Aurten, 79 kontzertu eskainiko ditu musika jaialdiak, eta aurreko urteetako gonbidatuez gain, izen berriak izango dituzte egitarauan: Rufus Wainwright artista kanadarrak eta Marisa Monte brasildarrak lehen aldiz izango dira jaialdiaren oholtza gainean.
Egitarau ofizialaren lehen eguna gaurkoa den arren, Iñaki Salvadorrek Txoria nuen maite kontzertua eskaini zuen igande arratsean. Gaur, berriz, Silvia Perez Cruz artista arrakastatsua izango da Kursaalean (20:00). Abeslari eta konpositore kataluniarra ohiko gonbidatua izan ohi da Jazzaldian, seigarrenez bisitatuko baitu Donostiako jaialdia. Oraingoan, Toda la vida, un día (2023) azken lana aurkeztuko du; konfinamenduaren aldian, bizitza osoa disko bakar batean birsortzeko sortu zitzaion behar baten emaitza den lana, alegia.
Perez Cruz otordu luze baten lehen mokadua baina ez da izango. Izan ere, bihartik aurrera, hamar kontzertu baino gehiago eskainiko dira egunean, Donostiako hamabost txokotan. Horien artean, kontzertu libreak izango dira jendetsuenak, ohi moduan. Izaro, Larkin Poe, Merina Gris, Shinova, Les Amazones d ‘Afrique, El Columpio Asesino, North Mississippi Allstars eta Chill Mafia taldeek gorputzak astinduko dituzte Zurriolako hondartzan.
Kontzertu irekientzako aurreikuspen handiak izateaz gain, sarrera bidezko emanaldiak ere oso emaitza onak espero dituzte antolatzaileek. Azaldu dutenez, sarreren salmenta “oso ondo doa”, gaur gaurkoz, kontzertu batzuetarako sarrerak salgai dituen arren, 14.800 sarrera saldu baititu dagoeneko. Era berean, iragarri dutenez, inoiz baino internazionalagoa izango da jaialdiaren entzuleria, sarrerak “32 herrialdetatik eta bost kontinenteetatik” erosi baitira.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, Donostiako Jazzaldia egin ahal izateko 450 pertsona inguru ari dira lanean egunotan: tartean daude teknikariak, segurtasuneko langileak, sarbideak kontrolatzeko langileak, garbitzaileak, agertokien muntatzaileak, dendetako langileak, barrako eta kutxetako langileak, DYAko boluntarioak, eta txoferrak, besteak beste.
Era berean, hainbat pertsona izango dituzte lanean indarkeria sexistaren aurkako informazio eta arreta gunean, Zurriolako zubian, Kursaaletik gertuen dagoen izkinan. Uztailaren 24, 25, 26 eta 27an egongo da zabalik, 20:00etatik 01:30era bitarte.

