Ikerketa ireki die Ertzaintzak Plaza Berrian neska bati Espainiako bandera kendu zioten gazteei
Ertzaintzak ikerketa ireki die Eurokopako finalaren egunean neska bat “beldurtu” eta lepoan zeraman Espainiako bandera kendu zioten lau gazteei, “arrazoi ideologikoengatik hertsatze” eta gorroto delituak egotzita.
Hilaren 14an jazo zen gertakaria, Plaza Berrian, Espainiako Futbol Selekzioak Eurokopa irabazi baino ordu batzuk lehenago, eta laster egin zen ezagun, bideoak sare sozialetan izandako oihartzun handiarengatik. Hemen irakur dezakezue gertatutakoa.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez, Ertzaintzak egindako ikerketei esker identifikatu ahal izan dituzte gertakari horretan ustez nahastutako lau gizonak, eta, ondoren, Ertzaintzak dagozkion diligentziak jakinarazi eta epaitegira eraman ditu. Aste honetan udalean egindako osoko bilkuran gaitzetsi dute gertakaria alderdi politiko guztiek, EH Bilduk izan ezik.