Salmenten errekorra egin du 59. Jazzaldiak
59. Jazzaldia amaituta, balorazioa egin dute gaur Eneko Goia alkateak eta Miguel Martin jaialdiko zuzendariak, “arrakasta itzela” izan dela nabarmenduz. Eman dituzten datuen arabera, doako kontzertuek 165.000 pertsona erakarri dituzte, eta ordainpekoek 20.604, jaialdiaren historian salmenten errekorra eginez. 32 herrialde ezberdinetatik erosi dira sarrerak, hamahiru kontzertutakoak agortu dira eta eskuragarri zeuden zenbakituriko sarreren %88,8 saldu dira.
Jazzaldiak publikoaren erantzuna eskertu eta aintzat hartu nahi du, esparru guztiak betetzeaz gain, beste urte batez, “jarrera eredugarriz eta istilurik sortu gabe” jokatu baitu. Hiria, Jazzaldian zehar, musikaz blai egon da, jai giroan murgilduta, ospakizunean.
Zurriola hondartzako kontzertuen artean, Izaroren kontzertua nabarmendu dute: 45.000 entzule izan zituen mallabitarrak, haren cerodenero album berriaz gozatzen.
IRUTXULOKO HITZA-k egindako kronikak irakur ditzakezu hemen: Silvia Perez Cruz, Gregory Potter eta Elkano Browning Cream eta Merina Gris.
60. Donostiako Jazzaldia 2025eko uztailaren 22tik 27ra izango da.