Eusko Jaurlaritzak 15.000 euroko isuna jarri dio Realari, Betiseko zaleak «diskriminatzeagatik»
Realak ez zien Betiseko zaleei sarrerarik erosten utzi, ultra faxistek Aitor Zabaletaren omenaldian parte hartu ez zezaten.
FACUAk jarritako salaketaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak 15.000 euroko isuna jarri dio Realari, Betiseko zaleak “diskriminatzeagatik”., joan den abenduan jokatu zen partidarako ezin izan baitzuten sarrerarik erosi.
Aperribai lehendakariak hartutako erabaki harrigarri honek, ordea, klub osoaren babesa izan zuen, izan ere, Aitor Zabaletaren erailketatik 25 urte bete zirela eta, realzale maitatuena omentzeko aprobetxatu zuen klubak.
Ordea, iaz Betisen aurka Anoetan jokatutako partidara Atletico Madrileko Frente Atletico talde ultraeskuindarrarekin lotura duten hainbat kide etorri ziren Betiseko zale batzuekin. Zehazki, Sare Antifaxistak orduan salatu zuenez, Betiseko Supporters Gol Sur Ultras eta Suburbios Firm taldeetako ultraeskuindarrak etorri ziren; azken talde hori Frente Atleticoren zatiketa da, Aitor Zabaleta hil zuen Bastion 1903 taldearekin harremana duena.
Hori dela eta, Realak iragarri zuen ez ziola sarrerarik emango Betisi asteburuko partidarako, eta Anoetako bisitarien zona itxiko zuela. Horren inguruko azalpenak eman zituen Jokin Aperribai presidenteak: “Aitor Zabaletari egin nahi diogun omenaldiak guztiaren gainetik egon behar du, ez dugu ezer gertatzerik nahi”.