Pau Etxanizek brontzezko domina irabazi du
Balentria egin du piraguista donostiarrak Parisko Olinpiar Jokoetako K1 modalitateko finalean.
Ezustekoa eman du Pau Etxaniz piraguista donostiarrak, haren lehendabiziko Olinpiar Jokoetan. Finalerdietan maila ona eman ondoren, bikain aritu da eslalom kayakeko finalean. Hamabi onenen artetik lehena jaitsi da Vaires-sur-Marne kanalean behera, eta, ate bat ukitu arren, denbora bikaina ezarri du helmugan (88.87).
Azkenean, soilik beste bi piraguistek lortu dute Etxanizen denbora gainditzea. Horrela, brontzezko domina irabazi du. Urrea Giovanni Di Genaro italiarrak lortu du (88.22), eta zilarra Titouan Castryck frantziarrak (88.42).
Domina eskuratu ondoren, hedabideen aurrean hitz egin du Etxanizek: “Une oro garbi izan dut zer egin, eta, zorionez, ondo atera da. Jaitsiera ia perfektua izan da: pena da ate bat jo izana. Baina lortu dudana historikoa da”.
Hunkituta eta oso pozik zegoen Xabier Etxaniz, Pauren aita eta entrenatzailea. “Bihotz handiz jaitsi da, eta gai izan da azken hilabeteetan teknikoki eta mentalki landu dugun hori erakusteko». Jaitsiera «perfektua» izan da. «Plastikoki, teknikoki, fisikoki eta estrategikoki ikusgarria izan da”. Aita gisa, “oso harro” zegoen. “Ez bakarrik hau lortu duelako, baizik eta bizitzan pozik ikusten dudalako. Niretzat oso garrantzitsua da hori: bai kirolean bai hartatik kanpo zoriontsu da, eta horrek balio du”.