«Kanoikada oso kirolzalea izango da aurtengoa»
Aste Nagusia heltzear den honetan, Donostiako Festak udal erakundeko zuzendari Maria Jesus Torresekin hitz egin dugu, aurtengo berritasunak ezagutzeko, besteak beste. Halaber, nabarmendu du udalaren eta Piraten egitarauak bateragarriak direla eta hiria aberasten dutela.

Nola joan da aurtengo Aste Nagusiaren antolaketa? Nola heltzen zarete Donostiako aste handira?
Oso gogotsu iristen gara aurtengo Aste Nagusiaren atarira. Urteroko legez, lantalde osoak bere onena eman du ahalik eta egitarau zabalena prestatzeko. Jarduerak antolatzeko ezinbestekoak ditugun elkarteak, kirol klubak edota kultur eragileak, betiko moduan, laguntza handikoak izan dira, eta hori guztiari esker, aste osoan izango ditugun ekimenen antolaketa prest dago, bakoitzari egokitzen zaion unean martxan jarri eta ondo burutzeko.
Nola baloratzen duzue ondutako egitaraua? Zenbat jarduera antolatu dituzue?
Guztira, 376 jarduera prestatu ditugu. Uste dugu gustu guztientzako jarduerak prestatu ditugula, eta donostiarrok zein egun horietan hirira gerturatzen diren pertsona guztiek egitarauan gustuko duten zerbait aurkituko dutela. Oso gustura gaude azken hilabeteotan egindako lanarekin eta lan horrek eman dituen fruituekin.
Zein jarduera nabarmenduko zenituzkete bereziki? Bada berritasunik?
Aurtengo aurkezpena Txomiñeneako ontziralekuan egin dugu, Urumea ibaian hainbat jarduera berri egingo ditugulako astean zehar. Aste Nagusiak, festa giroan ibiltzeaz gain, hiria ezagutzeko eta urtean zehar hain ohikoak ez diren jarduerak antolatzeko aukera ematen ditu. Horiek horrela, Urumea hobeto ezagutzeko aukera izango dugu hainbat egunetan Arrauningen eskutik, eta Club Nautikok 1980ko hamarkadan Urumean egiten zen bela estropada berreskuratu dugu. Urak protagonismo handia izango du ere Kursaal inguruan ur txirrista handiaz gain, puzgarrien ur parearekin disfrutatzeko aukera izango dugulako. Kursaaleko beheko terrazako egitarauari ere beste kutsu bat eman nahi izan diogu, eta DJ-ez gain reggae, rap, pop-rock eta erromeriak programatu ditugu. Lehiaketa gastronomikoetan ere badugu berritasunik, izan ere, lehiaketa berria antolatu dugu: Begihandia bere tintan.
Horietaz gain, donostiarrok hainbeste maite ditugun klasikoak nabarmenduko nituzke: su artifizialak eta aurten 40 urte betetzen dituen zezensuzkoa, erraldoi eta buruhandiak, bizikleta festa, herri kiroletako frogak, dantza ikuskizunak eta, nola ez, Saguesko, Easo plazako edo Bulebarreko kioskoko musika emanaldiak.
“Bera Berako emakumeen eskubaloi taldeko jokalariak izango ditugu Alderdi Ederreko oholtzan, ‘Artillero’ abesten”
Auzoetara iritsiko da aurten ere Aste Nagusia? Zer jarduerarekin, adibidez?
Aurtengo Aste Nagusian hiriko 29 toki ezberdinetan izango ditugu jarduerak. Parte Zaharrean, Erdialdean, Grosen, Intxaurrondon, Amaran, Amara Berrin, Antiguan edo Txomiñenean, besteak beste, izango da Aste Nagusian murgiltzeko aukera.
Aipatzearren, Grosek haurrentzako eremu ludikoa hartuko du Katalunia plazan; Erdialdean, haurren barrakak edo Euskal Herriko produktuen azoka; Gros eta Intxaurrondoko Txaparrene etorbidearen artean, Nordic Walking ibilbidea egingo da; Amaran, gauero dantzaldia egongo da Easo plazan; Amara Berriko Aitzol Parkean, Festara abestuko da eta Begihandi Bere Tintan Lehiaketa gastronomikoa egingo da; Antiguan, bakarrizketekin eta Festara-rekin gozatzeko aukera egongo da Alfonso XIII.aren plazan eta Miramar Jauregian, berriz, Dantz point bat jarriko da; eta Txomiñenetik irtengo dira Urumea ezagutzeko Arrauningek antolatutako bisitak.
Gertatu daitezkeen eraso matxisten eta bestelako erasoen aurrean, zer neurri edo protokolo prestatu dituzue?
Urteroko legez, udaleko hainbat sail elkarlanean aritzen gara horrelakorik gertatzen bada ahalik eta erantzun azkarrena eta egokiena emateko. Berdintasun Sailarekin eta Udaltzaingoarekin harreman zuzena izaten dugu aste osoan zehar, hiriko auzo guztietako jaietan egiten dugun moduan, erasorik gertatu ezkero laguntza eta gaitzespen mekanismo guztiak aktibatzeko.
“Piraten egitarauak ekarpen ona egiten dio Aste Nagusiari. Prestatzen ditugun egitarauak bateragarriak dira”
Nolakoa izango da aurtengo kanoikada?
Kanoikada oso kirolzalea izango da aurtengoa. Izan ere, aurten Pariseko Olinpiar Jokoak direla eta, Donostiako Klasikoa kanoikadaren egun berean egingo da, eta horrek festak hasi aurretik giro aparta jarriko du hirian. Eta, gainera, aurten, Bera Berako emakumeen eskubaloi taldeko jokalariak izango ditugu Alderdi Ederreko oholtzan, Artillero abesten. Eta, nola ez, behin kanoikada botata, azkeneko urteetan gazteenek hainbeste gustuko duten Holi Festa ez da faltatuko.
Zer nolako harremana eduki duzue aurten Donostiako Festaketik Donostiako Piraten mugimenduarekin?
Azken urteetako legez, harremana ona izan dela uste dut. Donostiako Festaken iritziz, Piraten egitarauak ekarpen ona egiten dio Aste Nagusiari. Prestatzen ditugun egitarauak bateragarriak dira eta aukerak zabaltzea eta publiko gehiagoarengana iristea aberasgarria dela uste dut. Aurten ere, abordatzea gure egitarau ofizialean sartuta dago. Bi egitarauen artean, Aste Nagusia aberastu egiten dugu.
Aurtengo Aste Nagusian ere zezenketak egingo dituzte Illunben, hiru egunez. Nola baloratzen duzu hori?
Donostiako Udalak eta Donostiako Festakek ez ditugu zezenketak antolatzen, ezta diruz laguntzen ere. Hori dela eta, zezenketak ez daude Aste Nagusiaren programan. Ekimen pribatu batek antolatzen ditu zezenketak Illunben, dagokion prezio publikoa ordainduta, baina Aste Nagusiaren programatik kanpo dagoen zerbait da.
Zer ematen dio Aste Nagusiak Donostiari?
Gauza asko ematen dizkio Aste Nagusiak Donostiari. Jon Insausti zinegotziak duela gutxi elkarrizketa batean esan zuen moduan, uda hirian pasatzen duten donostiarrei zerbait ezberdina egiteko aukera ematen die. Hiria berea egiten dute. Izan ere, kaleak ohiko giroaz gain jarduerez betetzen dituzte, eta horrek alaitasuna ematen dio hiriari. Gainera, hiriko artista, kirol eta kultur elkarte askok Aste Nagusia baliatzen dute euren jarduerak eta ikuskizunak ezagutzera emateko. Eta kanpotik etortzen direnei ere hiriaren alaitasuna, kultura eta, bereziki, nortasuna ezagutzeko aukera ematen die.