Gabarra zahar baten zati bat agertu da Ondarretan

3,6 metro luzeko egur zati bat agertu da Ondarretan, Tenisaren inguruan eta, Aranzadi zientzia elkarteko kideek jakinarazi dutenez, gabarra zahar batena izan zitekeen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz gordailura eraman dute bart, Irungo Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrora, hain zuzen, bere analisi eta dokumentaziorako. Dagoeneko hasi dira pieza ikertzen.
Antza denez, “saihets” hori hondo lauko gabarra batena da, itsasgoran Igara errekako sakonera txikiko eremuetan nabigatzeko erabiltzen zena. Piezaren pisua kontuan hartuta, garabia baten laguntza behar izan dute hondartzatik ateratzeko, eta mareak berriro gora egin baino lehen egin behar izan dute.
Itsasoak ekarri du hondartzara, olatuen gorabeherek hondarra mugitzen dutelako. Uretan hainbeste urtez egondako pieza bat denez, ikerketa prozesua zaila izan daiteke, hezetasun maila altua baitu, eta pieza ondo lantzeko, beharrezkoa da hezetasun hori galtzea. Hala, zein materialekin sortua izan zen jakin dezakete ikertzaileek. Gordailuko igerilekuan sartuko dute pieza, baldintza onetan manten dadin. Sakon garbitu, gatza kentzeko, eta hori eta gero jakingo dute piezaren testuinguru kronologikoa eta, egoerak ahalbidetzen badu, baita datazioa ere.
Giorgio Studer Gipuzkoako Foru Aldundiko ondare zerbitzuko zaharberritzailearen hitzak jaso ditu Berria-k eta, Studerrek adierazi duenez, prozesuak hiru edo lau urte iraun ditzake.