Garbiketa zerbitzuek bikoiztu egingo dituzte ahaleginak Aste Nagusian
Aste Nagusia iristear dagoen honetan, Donostiako Garbiketa ABEEko garbiketa zerbitzuek plan berezia prestatu dute, hiria garbi mantentzeko, egun horietan egoten den jendetza ikusita. 115 langilek osatzen dute batez ere Parte Zaharrean-Erdialdean, Pasealeku Berrian-Aldamar kalean, San Martinen-San Bartolomen, Kaian, Kursaalen- Zurriolan-Saguesen lan egingo duen lantaldea.
Carlos Garcia Hiri Mantentzeko zinegotziak adierazi duenez, “egun hauetan, txanda batek lan egingo du arratsaldez paperontziak husteko eta bide publikoa garbitzeko, eta, gainera, kaia garbitzeko gailu bereziak ere jarriko dira, batez ere Abordatze Pirata dela eta. Bestalde, su artifizialen inguruan, gauero, jaurtiketa bakoitzaren aurretik eta jaurtiketa bakoitzaren ondoren, garbiketa- lanak egingo dira, ikuzketa hurrengo goizean osatuz”.
Hainbat eremutan, jende asko biltzen den jai-esparruetatik hurbilago dauden eremu horietan, makina bereziez gain, produktu desinfektatzaileak, koipegabetzaileak eta usain txarra kentzekoak ere erabiliko dira, pixek eta gonbitoek eragindako usain txarrak kentzeko. Bestetik, zehaztu dute, La Flamenkan, egunero 13 laguneko lantaldea arituko da garbiketa lanetan, bai eta bederatzi elementu mekaniko ere.
Su artifizialak
Lanak 21:30ean hasiko dira, suak jaurtitzeko aldearen ondoko kaleak baldekatuz eta tamarindoak ureztatuz. Alderdi Ederreko zuhaitzak, su artifizialen bilduma amaitzean, berriro ureztatuko dira, bertan su artifizialen hondakinik edo karkasarik balego ere.
Hurrengo egunean, lehenengo ordutik hasita, erraztatuko da eta karkasen eta beste elementu pirotekniko batzuen hondarrak kenduko, inguruak baldekatuz eta aldean dauden tamarindoak berriro bustiz, dena prest utziz beste bilduma baterako.
Aste Nagusia amaitzean, ia 20 langilek lan egingo dute ingurua garbitzen, eta, espartzua eta xaboia erabiliz, Kontxako barandatik, Alderdi Ederreko haur jolasetatik eta parkeko bankuetatik leherketen arrastoak kenduko dituzte.