Igor Zubeldia lesionatuta: Reala Ligarako erdilari faltan geratu da
Albiste txarrak baino ez azkenaldian, Realarentzat; Martin Zubimendik Liverpoolen jokatzea hausnartzen duen bitartean, bi erdilari baino ez ditu talde txuri urdinak. Izan ere, Igor Zubeldiak ezkerreko bizeps femorala puskatu du. Asteartean lesionatu zen, entrenatzen ari zela. Fisioterapeuten eskuetan dago orain eta, klubak adierazi duenez, erdilariaren itzulera “pixkanakakoa” izango da, lesioaren ezaugarri eta garapenaren arabera.
Robin Le Normandek taldea utzi eta gero, lau ziren, soilik, erdilari txuri urdinak. Zubeldiaren bajarekin, hiru; eta, Jon Pacheco Parisko Olinpiar Jokoetan dagoela ikusita, bi erdilari baino ez dauzka Realak, une honetan bertan. Aritz Elustondok ere probabilitate handiak dauzka lesionatzeko eta, hortaz, aukera egongo litzateke Realak erdilari berri bat fitxatzeko, Noticias de Gipuzkoak aurreratu duenez.
Momentu honetan, bi dira bajan dauden txuri urdinak: Zubeldia eta Arsen Zakharyan. Ligarako aste eta erdi falta den honetan, bi bajek eta nazioarteko jokalarien inkorporazioek aurreikusten dute Imanolek Sanseko jokalari kopuru handi baten beharra izango duela, ostiralean Union Berlinen aurka jokatzeko, Alemanian.