Arraun Lagunak-ena da liga, errekorra eginda
Arraun Lagunak-ek hirugarren liga irabazi du, hamalau banderatik hamalau irabazita. Errekorra egin du honekin Lugañene traineruak. Orain arte, Oriok zuen errekorra, hamahiru bandera lortuta irabazi baitzuen Liga. Donostiako neskek, hamalau jarraian egin dituzte, eta oraindik beste bi dituzte jokoan, tartean Kontxako Bandera –Ligatik kanpo dagoena–. Zalantzarik ez dute, bi horien bila ere badoazela, historiako denboraldi hoberena egiteko.
Hondarribian eta Pasaian egin dituzte Arraun Lagunak-ekoek azken bi banderak. Lehenengoan, Donostiarrarekin buruz buru ibilita, azkenean, 14,52 segundo eskaseko aldea aterata. Pasaian, are estuago ibili ziren: Oriori 7,82 eta Donostiarrari 12 segundoko aldea aterata.
Ez dabiltza makal Donostiarrako neskak, eta azken bi jardunaldietan marka onak lortuta, laugarren postura heldu dira Euskotren ligan, 81 punturekin. Aurretik dituzte Tolosaldea, 84 punturekin, eta Orio, 82 punturekin. Liga Arraun Lagunak-ena den arren, bigarren postua lortzeko aukera dute Donostiarrakekoek.