Jaien balorazio positiboa egin du Goiak
Alkateak nabarmendu du ez dela inolako sexu erasorik salatu, eta lapurretak eta bestelako intzidentzien kopuruak "ohikoen barnean" daudela.
Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu duenez, “oraingoz Aste Nagusia normaltasun osoz eta parte-hartze handiarekin ospatzen da”. Alkateak gaineratu du orain arteko gertakaririk aipagarriena izan dela “igande beroaren ostean piztutako enbatak suak bertan behera uztea eragin zuela, segurtasun arrazoiengatik”.
Segurtasuna hedabide guztien hitzetan dagoen honetan, galdegin diote ea, lapurreten inguruan nabarmentzeko gertakaririk izan den. Alkateak erantzun du ezetz, ez dagoela nabarmentzeko ezer: “Ohiko lapurretak ari dira gertatzen eta ohiko atxiloketak”.
Adierazpen hauek egin ditu urteroko hamaiketakoan. Bertan elkartzen dira hiriko agintariak eta Aste Nagusian parte hartzen duten erakunde, pertsona eta elkarteak. Alkateak eskerrak eman dizkie “Aste Nagusia antolatzen laguntzen duten langile eta boluntario guztiei. Udalaren aldetik asko dira lanean ari direnak, baina ekitaldi asko ezingo lirateke egin boluntarioen laguntzarik gabe”. Jaien antolakuntzaren atzean 4.000 lagun daudela nabarmendu du.
Halaber, Goiak gogorarazi du “oraindik egunak geratzen direla aurretik. Bihar Asteko Egun Nagusia izango dugu, Ama Birjinaren eguna, eta hori ere egun polita izaten da familian edo kuadrillan ospatzeko. Musika kontzertuak, ikuskizunak, suak… geratzen zaizkigu. Beraz, azken txanpa honetaz gozatzeko deia egin nahi nuke”. Zentzu horretan, gogoratu du oraindik inolako erasorik jazo ez den arren, arretaz jarraitu behar direla datozen egunak, honela amaitu daitezen jaiak.