Porrot batekin hasi dute Liga
Realak ez du nahi bezala hasi liga. Izan ere, Rayo Vallecanoren aurka galdu zuen atzo etxean: 1-2. Uda giroko partida zen, eta taldea martxa hartu gabe dagoela agerian gelditu zen, Imanol Alguacilen mutilak ez baitziren gai izan euren maila erakusteko.
Horrela, realzaleek hamargarren segundoan izan zuten lehenengo sustoa, Pachecok zutoinen azpian atera zuenean Ratiuk rabonaz egindako jaurtiketa. Gol aukeraren bat izan zuten txuri-urdinek hurrengo minutuetan, Turrientesen urrutiko jaurtiketa bat eta Elustondok buruz errematatutako korner bat kasu, baina ez zuten asmatu.
Madrildarrek, ordea, punteria finagoa eduki zuten, eta bigarren zatian heldu ziren euren bi golak: Jorge de Frutosek 67. minutuan gainditu zuen Remiro eta Sergio Camellok 84.ean. Luzapenean, Liverpooli ezetz esan berri dion Martin Zubimendik egin zuen Realaren gola, baina ez zen nahikoa izan. Pilak jartzea tokatzen zaie Realeko mutilei.