Urruntze agindua ezarri diote bere emaztea erailtzen saiatu zen ertzainari
Urruntze agindua ezarri diote larunbatean bere emaztea erailtzen saiatzeagatik atxilotu zuten ertzainari, eta aske dago orain, zenbait kargurekin. Sukaldeko labana batekin saiatu zen bere emaztea erailtzen, larunbata goizaldean, Txomiñenean. Epailearen arabera, ordea, “gertatutakoa ez da erailketa saiatze bat egozteko bezain larria, biktimek ez dutelako lesio fisiko larririk”. Gizona gaixo baimenarekin dago, eta gaur egun ez dago ertzain gisa lanean.
Eztabaida batek abiatu zuen dena; bikotea etxean zegoen bere adin txikiko bi alabekin, eta eztabaida hori eta gero saiatu zen gizona emakumea labanaz erailtzen, zenbait mehatxuren ostean. Emakumeak negar gasarekin zipriztindu zuen gizona, eta alaba gazteenarekin alde egitea lortu zuen. Martuteneko kartzelako garitan eskatu zuen laguntza, goizaldeko lauak aldera.
Gizona, baina, alaba zaharrenarekin lubakitu zen etxean, eta min egitearekin mehatxatu zuen. Agenteek etxebizitzan sartzea lortu eta atxilotu egin zuten, erailketa saiakera bat egotzita, eta epailerengandik pasatu eta gero jarri diote urruntze agindua.