«Altxor literarioak» aurkitzeko azoka jarriko dute Gipuzkoa plazan
Ostiralean, hilak 23, irekiko dute Donostiako 39. Liburu Zahar eta Okasiozkoen Azoka Gipuzkoa plazan, eta irailaren 8ra arte, goizez zein arratsaldez bisitatu ahalko da. Euskal Herriko zein Valentziako, Madrileko, Leongo eta Huescako 32 liburu dendatako postuak egongo dira.
Euskadiko Liburu Azoken koordinatzaile Asier Muniategik eta Euskadiko Liburu Ganberako presidente Jose Agustin Iturrik nabarmendu dutenez, “ezkutuan” dauden “milaka” istorio aurkituko dituzte herritarrek azokan, estilo askotakoak; “benetako altxor literarioak”. Izan ere, aurkitzeko zailak diren liburu ugari egongo dira azokan, prezio murriztuarekin. Era berean, irakurzaletasuna sustatzearen garrantzia nabarmendu dute Muniategik eta Iturrik, bereziki, gazteen artean.