Milango orkestra filarmonikoak kontzertua eskainiko du gaur
Riccardo Chaillyren zuzendaritzapean, Tchaikovsky eta Ravelen obren programak interpretatuko ditu musika elkarte italiarrak.
Ricardo Chailly, Milango Della Scala filarmonikaren zuzendaria. Musika Hamabostaldia Milango della Scala filarmonikak lehen aldiz joko du Donostiako 85. Musika Hamabostaldian, Riccardo Chaillyren zuzendaritzapean. Italiako musika elkarteak Tchaikovsky eta Ravelen obren programak interpretatuko ditu; horien artean, aipatzekoak dira musikagile errusiarraren 5. sinfonia mi minorrean, op. 64′ eta ‘1. eta 4. suiteak’ eta frantsesaren ‘Daphnis et Chloé’ balleta.
Kontzertua Kursaal Auditorioan izango da, kontzertu handien zikloaren barruan. Oraingo honetan, elkarte italiarrak gizakiak Errusiako Erromantizismoaren aurka duen borroka aztertuko du kontzertuan, baita Ravel konpositore euskal-frantsesak 1912an “ametsetako” Grezia ikusteko erabili zuen erreprodukzioa ere. Sarrerak salgai daude oraindik Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Musika Hamabostaldiaren webgunean.
Ibilbide luzeko zuzendaria
Filarmonika 1982an sortu zuten La Scala antzokiko opera ekoizpenetan parte hartzen zuten instrumentistek . Verdiren ‘Nabucco’ eta ‘Otello’, Belliniren ‘Norma’ eta Pucciniren ‘Madama Butterfly’ gisako nazioarteko lan ospetsuen estreinaldietan hartu dute parte, eta lan klasiko zein garaikideak interpretatzeagatik nabarmendu dira beti.
Riccardo Chaillyk zuzendariak bestalde, 2015etik darama orkestraren agintean. Nolanahi ere, zuzendari gisa ibilbide luzea izan du aurretik: 1982an, Berlingo Irratiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari titular izendatu zuten eta Amsterdamen denboraldi bat egon ondoren, Leipzigeko Gewandhausorchester zuzendu zuen 2005ean. Egun, opera koliseoetan eta munduko orkestra ospetsuenekin zuzendari gonbidatu gisa aritzeaz gain, Chailly Milango Orchestra Filarmonica della Scalako eta Luzernako Jaialdiko Orkestrako musika zuzendaria da. Zuzendari italiarraren hirugarren aldia izango da Donostiako Musika Hamabostaldian, 1997an eta 2003an ere parte hartu baitzuen jaialdian.

