Mugaritz jatetxea izango da Culinary Zinema saileko protagonista
Postrea, berriz, berezia eta beldurgarria izango da; 'El hoyo 2' filma eskainiko dute.
Irailaren 20tik 28ra bitartean egingo da 72. Donostiako Zinemaldia, eta, gaur, Culinary Zinema sailaren inguruko xehetasunak iragarri dituzte. Askotariko osagaiak izango ditu, eta Mugaritz jatetxeari buruz Paco Plaza zinemagileak egindako lana izango da abiapuntua. Guztira, lau film lehiatuko dira Culinary Saria eskuratzeko. Horrekin batera, bost afari tematiko antolatu dituzte.
Irailaren 23an estreinatuko dute Mugaritz. Sin pan ni postre pelikula, Viktoria Eugenia antzokian. Plazaren proposamena alor gastronomikotik harago doala aurreratu dute: “Ikus-entzulea Andoni Luis Adurizen jatetxean gertatzen den berrasmatze prozesuaren lekuko izango da”.
Beste hiru filmak hauek dira: Ayuko Tsukahara zuzendari japoniarraren Grand Maison Paris, Tetsuya Uesugi japoniarraren Kita no syokukei, eta Ian Cheney estatubatuarraren Shelf Life.
Lehiaz kanpo, postrea
Culinary Zinema sailak ezusteko bat izango du. Izan ere, Galder Gaztelu-Urruti zuzendari bizkaitarraren El hoyo 2 filma izango da postrea. Honela dio sinopsiak: “Lider misteriotsu batek bere legea ezartzen duen heinean, maizter berri batek elikadura-sistema basati horren aurka borrokatzeko metodo polemiko horren aurkako borrokan inplikatuko da”.
Urriaren 4an iritsiko da Netflix plataforma digitalera, baina Zinemaldian lehenago ikusi ahal izango da.