21 film berri hautatu dituzte Zinemaldiko Made in Spain sailerako
Guztira, 21 film luzez osatuta egongo da Made in Spain saila, Zinemaldiko lehiaketatik kanpoko saila. Programari hasiera eta amaiera emango dioten filmak mundu estreinaldiak izango dira; gainerako filmak, berriz, lehenago beste jaialdi batzuetatik igaro ziren edo jada estreinatu dira Espainiako Estatuan.
Joan Lopez Lloreten Tiempo de silencio y destrucción pelikulak hasiera emango dio Made in Spain sailari. Filmak Luis Martin-Santos idazle eta psikiatraren —duela mende bat jaio eta orain dela 60 urte zirkulazio istripu batean hil zenaren— figura berritzeko bidaia bat proposatuko du. Lopez Lloret lan dokumental ugariren egilea da.
Bestalde, Alba Sotorrak Mucha mierda / Break a Leg lanaren estreinaldiak emango dio amaiera sailari. 1975eko aktoreen grebari buruzko dokumentala da, Marisa Paredes, Rocio Durcal, Ana Belen, Tina Sainz, Juan Diego, Jose Sacristan eta beste hainbat aktorek lehen eskutik kontatua. Sotorrak Game Over (2015) eta El retorno. La vida después del ISIS / The Return (2021) zuzendu ditu (besteak beste), biak dokumental onenaren Gaudi Sariaren irabazleak.
Sailean egongo diren gainontzeko izenak honakoak dira: Antonio Chavarriasen La abadesa / Holy Mother, Simon Casalen Justicia Artificial, Sonia Escolano eta Belen Lopez Alberten Norberta, Isaki Lacuestaren eta Pol Rodriguezen Segundo premio / Saturn Return, Alex Montoyaren La Casa, Luis (Soto) Muñozen Sueños y pan / Dreams and Crumbs, Dani de la Ordenen Casa en flames / A House on Fire, Luismi Pantigaren Flores del cemento / Concrete Flowers, Celia Rico Clavellinoren Los pequeños amores / Little Loves, Chema Rodriguezen Orgullo vieja, Salvador Simoren eta Li Jianpingen Dragonkeeper, Daniel Torneroren Saturno, Liliana Torresen Mamífera, Maria Trenorren Rock Bottom, David Truebaren El hombre bueno eta Jonas Truebaren Volveréis / The Other Way Around.
Euskaldun bakarra dago hautaketan: Malagan Kritika Epaimahaiaren Zilarrezko Biznaga Berezia irabazi zuen Andrea Jaurrietaren (Iruñea, 1986) bigarren filma, Nina, Patricia Lopez Arnaizen parte hartzearekin.