Anoetan irabazi ezinik
Realak beste porrot bat jaso zuen atzo Anoetan, Alavesen aurkako derbian, berriz ere erakutsiz bere maila onenetik oso urruti jarraitzen duela; zenbakiak argiak dira: hiru jardunalditan, hiru puntu baino ez dituzte eskuratu txuri-urdinek, Espanyolen etxean ozta-ozta irabazita eta etxeko bi partidak galduta. Atzokoan, gainera, Sanchez Martinez epailearen erabakiek ez zuten lagundu.
Parekotasunez jokatzen hasi ziren bi taldeak, baina partida 30. minutuaren bueltan hautsi zen. Izan ere, zelai erdian baloi bat borrokatzera joan zen Mikel Oiartzabal kapitaina eta Protesoni Alaveseko jokalariarekin talka egin zuen. Hasiera batean, epaileak txartel horia erakutsi zion Protesoniri, baina VAR sistemaren bidez jokaldia berrikusi ostean, txartela kendu zion Alavesekoari eta gorria erakutsi zion Oiartzabali, honen eta estadio osoaren haserrerako. Kapitainak takoekin zapaldu zuen Protesoniren orkatila eta epaileak ez zuen zalantzarik izan; zorrotzegia izan zen, akaso, argi ikusten baitzen eibartarrak ez zuela nahita zapaldu Protesoni.
Zorrotzegia edo ez, partida aldatu zuen epailearen erabakiak. Hala ere, txuri-urdinek hurrengo jokaldian erreakzionatu zuten, eta Braisek markagailua ireki zuen, Sergio Gomezen erdiraketa bat sarera bidaliz. “Orain, sufritzera”, pentsatuko zuen batek baino gehiagok harmailetan; ordea, partida asko gelditzen zen, eta zaila izango zen markagailuari eustea. Hain zuzen ere, lehenengo zatiaren luzapenean, epaileak Realaren aurkako beste erabaki bat hartu zuen, korner batean txuri-urdinen kontrako penaltia adieraziz, Zubeldiak Abqar kamisetatik heldu zuelako. Realeko atzelariak gaizki jokatu zuen, baina, beste behin, erabaki zorrotza Sanchez Martinezena, halako akzio ugari egoten baitira partida guztietan. Villalibrek barrura bidali zuen baloia, markagailuan berdinketa jarriz.
Bigarren zatian, aukera gutxi batzuk izan zituzten bi taldeek, baina ez zirudien markagailua asko mugituko zenik; Jon Martin atzelari promesa zelairatu zuen Alguacilek, eta berak izan zuen, hain zuzen, Realaren gol aukeretako bat. Aldiz, atzelari txuri-urdinek lo hartu zuten 75. minutuaren bueltan, eta Martinezek sarera bidali zuen area barruan izandako aldaratze bat. Hortik aurrera, txuri-urdinak saiatu ziren, besteak beste, Sadiqen bidez —atzo gogotsu zegoela atzematen zitzaion—, baina markagailua ez zen mugitu. Realzale asko urduritzen hasiak dira, baina erreakzionatzeko denbora sobran dauka oraindik Realak.