Bigarren Erramu Eguna ospatuko dute larunbatean
Intxaurrondo Zaharreko jaien atarian, auzoa atonduko dute bizilagunen artean.
Intxaurrondo Zaharreko jaien hasiera ofiziala irailaren 5erako iragarrita badago ere, larunbatean Erramu Eguna antolatu dute auzokideek, festa giroan, auzokideen artean kaleak apaintzeko. Hala, 11:30ean jaietako Erramuaren prestaketa egingo dute gaztetxeko plazan. Horren ostean, haur eta helduentzako bazkaria egingo dute Zulo Zaharren (13:30), eta arratsaldean, haurrentzako animazioa eta aurpegi margoketa eskainiko dute gaztetxean (17:00).
Erramuak jartzearena tradizioa da Ekialde Barrutiko inguru horretan, eta Intxaurrondoko jaien ikur bereizgarrienetako bat bilakatu da urteekin. Hori ikusita, jai batzordeak apainketa auzora zabaldu eta egitarau barruko jarduera itxura eman nahi izan zion iaz. Auzokideak “motibatzea” ez ezik, festen antolakuntzan ere murgiltzeko beta gisa ikusi zuten jai batzordeko kideek: «Guk ohitura hori mantentzen dugu, eta gustatuko litzaiguke belaunaldi berriek ere horrekin jarraitzea; horregatik antolatu dugu”, adierazi zuten Maddi Metauten eta Peru Isasik, iaz.
Ohitura hori belaunaldi berriei transmititu nahi diete etorkizunean jarraipena izan dezan. Hori dela eta, erramuen prestaketan eta jarduera horren ostean dagoen egitaraua etxeko txikienentzako bideratu dute.