Dolores Redondo Nafarroako lurretara itzuliko da eleberri berriarekin
Idazle donostiarrak azaroaren 13an argitaratuko du Malerrekako leizeetan kokatzen den nobela berria.
Dolores Redondo. Dolores Redondo idazlea irakurle fidelenen etxera itzuliko da azaroaren 13an, Las que no duermen NASH liburuarekin. Idazleak Gaztelun (Donamaria) kokatutako Legarretako leizea izango du protagonista nobela berrian; “sekretuak lurpetik ateratzea eta egiak azaltzea gustuko ez dituen lekuan”, Destino argitaletxeak asteazkenean iragarri zuenez.
Legarreako leize hura, Memoria Historikoko gune izendatu zuen Nafarroako Gobernuak 2020an, Nafarroako hilketarik beldurgarriena jazo baitzen, 1936ko kolpe militarraren ondoren. Leize horretara bota zituzten 38 urteko Juana Josefa Goñi Sagardiaren eta haren sei seme-alabetako seiren gorpuak: Joaquin (16 urte), Antonio (12 urte), Pedro Julian (9 urte), Martina (6 urte), Jose (3 urte) eta Asunción (18 hilabete).
Benetako gertaera historikoetatik harago, lurperatutako gorpuzkiak ere topatuko ditu nobela berriaren protagonistak, argitaletxeak aurreratu duenez: “Nash Elizondo auzitegiko psikologoak, 2020ko martxoan, Legarretako leizean sorginkeriari buruzko elezahar baten jatorria dokumentatzen duen bitartean, hiru urte lehenago desagertutako neska baten gorpua aurkitu du, Andrea Dancurrena. Herrialde osoa hunkitu zuen kasu bat izan zen hura, eta krimenagatik emakume bat dago espetxean. Hala ere, aurkikuntzak eta arrasto berriak azaleratzeak ikerketa berriro irekitzea eragingo dute, eta bi mailatan garatuko da: metodo zientifikoaren bidez, eta inplikatuen psikologian sakonduz eta antzinako misterioak ezagututa”.
Baztango trilogiarekin ospea
2013ko urtarrilean argitaratutako “El Guardian Invisible” nobelarekin lortu zuen Redondok ospea. Baztango Trilogiarekin milioika ale saldu ditu urteotan eta Amaia Salazar foruzaingoaren istorioa ere zinemara eraman dute. Azken urteotan gainera, Planeta Saria irabazi du “Todo esto te daré” lanarekin eta Vianako Printzea saria Kultura saria jaso du.

