Donostia Arraun Lagunakek ere parte hartu nahi du
Kontxako Banderaren emakumezkoen sailkatze estropada jokatuko dute 18:00etatik aurrera, eta eguraldi txarrak zeharo baldintzatu dezake.
Ez da giro gaur Donostian, baina arraun egin beharko dute Kontxako Banderaren lehian egon nahi duten traineruek. Aurten, emakumezkoen sailkatze estropada gizonezkoen biharamunean egitea erabaki zuten, eta badirudi mesede baino kalte gehiago egingo diela parte hartzaileei. Izan ere, eguraldi txarrak eta itsaso zakarrak nabarmen baldintza dezake.
Donostia Arraun Lagunakek —iazko txapeldunak—, beste behin ere, sailkatze estropadan irabazi beharko du Kontxako Banderan aritzeko aukera. Horretarako, zazpi denbora honen artean sailkatu beharko dute. Zortzigarrena Donostiarra izango da, kanporaketarik jokatu gabe igandean zain izango dutena.
Guztira, 20 traineruk parte hartuko dute emakumezkoen sailkatze estropadan, 18:00etatik aurrera. Donostia Arraun Lagunakekin batera, beste hauek izango dira Kontxako badian: Astillero, Cabo, Amegrove, Chapela, Castro, Deustu, Hernani, Hibaika, Hondarribia, Kaiku, Ondarroa, Orio, Rianxo, Perillo, San Juan, Tiran, Tolosaldea, Zarautz eta Zumaia.
Iaz, Oriok irabazi zuen sailkatze estropada Donostia Arraun Lagunaken eta Tolosaldearen aurretik. Sailkatu ziren gainerako traineruak Zumaia, Hondarribia, Hibaika eta Kaiku izan ziren. Aurten, berriz, aldaketak egon daitezke zazpi sailkatuen artean.