Aldapa malkartsuak
Iraila ate joka dugu, lagunok, eta abuztu hasieran agur esan genizuen gisan, berriro kaixo esatea egokitzen zaigu. Ikasturte berriari ekin diogu, baina egin diezaiogun keinu bat pixkanaka hasteari. Olatu batetik gorputz osoa batera ateratzea ezinezkoa den moduan, zaila da ederki gozatutako opor batzuetatik lanera gogo betez itzultzea. Horregatik, pixkanaka hasi behar da ikasturtea, eskolan edo lanean.
Eta zorionekoak bi aukera horietako batean kokatzen garenok, tamalez, beste batzuek zain egon beharko dutelako oraindik. Zeren zain? Bada, langabezia albo batera utzi eta kontratu berri bat iristeko zain, atzerritik etorri eta lortzeko hain zailak diren paperak noiz emango zain, gerrak zapaldutako herrietan eskolara joateko bidea oztopatzen duten bonbek noiz atertuko zain edo Afganistanen bezala, emakumeek ahotsa, identitatea eta izatea noiz berreskuratuko zain.
Horren aurrean, zer esan, irakurle. Hasierak aldapa malkartsuak badira ere, tontor laua izaten dute sari, askorentzat. Oxala tontor horretatik uretako zurrunbilo sakonean biraka dabiltzanei flotagailu bat eskainiko bagenieke, lehorrean arnas pixka bat hartzeko aukera izateko.