Haurrak ardatz, auzoa argiztatzeko datoz Txomiñeneko jaiak
Irailaren 6tik 8ra hartuko ditu Txominek bere jaiak eta jarduera berriei ateak irekitzeaz gain, itzuleraren bat ere edukiko dute. Publiko guztientzako jarduerak egingo dituzten arren, bereziki haurrentzako jaiak direla azaldu du Amaia Karrera jai batzordeko kideak.
Iraileko bigarren astean egingo dituzte, urteroko legez, Txomiñeneko jaiak: irailaren 6tik 8ra izango dira aurten, eta, dagoeneko, dena prest du jai batzordeak. Apirila aldera hasten da taldea jaiei buruzko lehen erabakiak hartzen; kontzertuak eta DJ-ak dira lotzen dituzten lehen kontuak, eta, irailera bitarte, behin edo birritan elkartzen dira, hilabetero. Abuztuan, ordea, astean behin elkartzen dira, jaiei azken ukituak emateko.
Auzoko talde txiki batek koordinatzen ditu jaiak, bederatzi auzokide besterik ez dira jai batzordean. Gehienak auzokoak dira betidanik, eta beste gutxi batzuk etxe berriak eraikitzean auzora etorri zirenak dira, gaur egun auzoaren parte ere badirenak. Gutxi badira ere, Amaia Karrera jai batzordeko kideak auzoaren laguntza eskertu du: “Talde txikia gara, baina jaiek irauten duten bitartean, auzoko jende askoren laguntza dugu”. Jende berria sartzeko deialdia egin nahi izan du, badelako garaia aurpegi berriak ere auzolanean sartzeko. “Oso jende gutxi ausartzen da, gaur egun, boluntario gisa lan egitera”, azaldu du Karrerak. Egitarau osoa hemen kontsultatu dezakezue.
Berrikuntzak eta itzulerak
Txupinazoarekin emango diete hasiera jaiei, eta aurten, omenaldi eta guzti datoz; izan ere, Donostia Arraun Lagunakeko neskei harrera egingo diete auzoan, irabazi berri duten guztia ospatzeko. Horrez gain, haurrentzako jarduerak ez dira faltatuko. Karrerak esan duenez, bereziki haurrentzako jaiak dira Txomiñenekoak, auzoan haur asko bizi direlako. Helduentzako jarduerak ere egiten dituzte, eta aurten, helduentzako krosa egingo dute, lehen aldiz. Bingo musikala ere egingo dute berrikuntza gisa, eta urtetan zehar auzoko jaietan egon ez den Eureka Dance dantza akademiak Disney ikuskizuna eskainiko du, igandean
Helduentzako maitasunaren tonbola ere egingo dute, urtero legez. Antiguako La Gata con Botas boutique erotikoko produktuak jartzen dituzte sari gisa, beste batzuen artean, eta jarduera “desberdina eta dibertigarria” izaten dela aitortu du Karrerak. Goizaldean egin izan dute karpan, 01:00ak aldera. Txartelak salgai jarri dituzte jada.
Barrakak ere aipatu nahi izan ditu Karrerak, bereziki. Ez da halakorik egoten Txomiñeneko jaietan, eta horren arrazoia azaldu du jai batzordeko kideak: “Egia da haurrentzako jaiak kontsideratzen ditugula, baina badakigu barrakak jartzen baditugu auzoko haurrek ez dutela guk prestatutako jardueretan parte hartuko, eta nahiago izaten dugu barrakarik ez jarri”. Hala, auzoko haurrek euren artean jolas egin eta disfrutatzeko aukera dute, eta, gainera, doan. “Jai oso familiarrak izan dira beti”, gehitu du.
Festa ilunik ez
Iaz arazo larriak izan zituzten elektrizitatearekin, Karrerak azaldu duenez. Aurten gauza bera pasatzeko beldurrarekin dago jai batzordea, eta arazoa egi bihurtu baino lehen hartu dituzte beharrezko neurriak; izan ere, aurten, elektrizitate sorgailu bat jarriko dute, jaiak arazorik gabe argiztatuta egon daitezen, behintzat, argi artifizialari dagokionez.
Dena dela, disfrutatzeko unea dela esan du Karrerak; lan egiteko garaia, baina, aldi berean, ondo pasatzekoa: “Espero dugu ezer larririk ez gertatzea, eta dena ongi ateratzea”. Aurtengo Txomiñeneko jaiei ez zaie argirik faltatuko behintzat, elektrizitate sorgailuarekin edo gabe.