Lehorrekoak ur handitan galdu zirenekoa
lbaetako Arraun Elkarteak 1961eko Kontxako Banderan hartu zuen parte, Txapel Aundi klubeko hainbat arraunlarirekin batera. Hezeguneen eremuko bizilagunak txapelketako azkenak izan ziren orduan, baina balentria hura gogoan dute oraindik auzoan.
Kontxako estropadetara eta bertako bandera irabazteko lehiara jatorri eta txoko askotariko lagun eta tripulazio ugari etorri dira 145 urteko historian. Kanpotik ailegatutako kolorez zipriztindu da badia, baina arrauna bizitasun eta tradizio handiko kirola da Donostian ere, eta ez dira gutxi izan hiriko hainbat auzotan sortutako arraun klubak.
1960 urtean sortu zen Gipuzkoako Trainerilla Ligak, esaterako, hiriko hainbat eremutan talde apalak ugaritzea eragin zuen, eta txapelketa xume horren esperientzia baliatuta, lehiaketa handirako prestatzen hasi ziren arraunlari mordoa. Hala egin zuten Ibaetakoek ere. Ibaeta Arraun Elkarteak trainerilla sortu zuen 1960ko hamarkada hasieran, eta hainbat urtez lehiatzen aritu ziren liga horretan. Nolanahi ere, parte hartze esanguratsuena traineruan izan zuen, 1961eko Kontxako Banderan.
Trainerillak animatuta
Trainerillen ligan ondo zihoakiela ikusita, Ibaetako bizilagun batzuk Chomin jatetxean bildu ziren, estropada nagusietan parte hartzeko asmo irmoarekin. Groseko Angel Isturitz patroiak Martuteneko Txapel Aundi klubetik arraunlari batzuk hartu zituen balentria handirako; Ibaetako arraun batzordeak, berriz, zazpi gizon lortu zituen taldea osatzeko: Valentin Alkorta, Martin Isasa, Martin Ezeiza, Natalio Galdos, Jose Lizaso, Martin Artola eta Jose Antonio Aiala.
Elastiko berdea soinean eta ilusio guztiak ontzian, Ibaetak 1961eko irailaren 3ko eta 10eko estropadetan hartu zuen parte. Hezeguneen eremuko taldeak aurreikuspen onak zituen orduko prentsan, baina txapelketa hasi bezain laster gelditu zitzaien handi: «Ibaeta gero eta atzerago gelditzen ari da», jaso zuen La Voz de España egunkariak biharamuneko alean. Kontsolazio estropadan ere saiakerak egin zituzten Trintxerpeko eta Zarauzko traineruei aurrea hartzeko, baina orduan ere ezin izan zuten askorik egin.
Lehiaketa handietan ez ezik, lehiaketak prestatzeko ere ez omen ziren oso abilak Ibaetako bizilagunak. Herri Txiki Infernu Handi saioan, Zuatzu baserriko Angelek gogoan izan zuen entrenamendu batean galdu egin zirela: «Ulia atzealdean gaua sartu zitzaien eta Gurutze Gorriak atera behar izan zituen». Aurkezlearen harridura aurpegiaren aurrean, azalpenekin jarraitu zuen Ibaetako bizilagunak: «Donostiarrak bai, baina itsasoan gutxi horiek», esan zion Angelek. «Hemengoak bai, baina lehorrekoak», gaineratu zuen bere osabak. •