Udako mugikortasunaren balorazio baikorra egin du udalak
Gora egin dute garraio publikoaren erabiltzaileek, baina prezioa igo arren, Erdialdeko eta Groseko aparkalekuen erabiltzaileak mantendu dira.

Udako mugikortasunaren balorazio baikorra egin du Olatz Yarza Mugikortasuneko eta Garraio Jasangarriko zinegotziak, uztaileko eta abuztuko datuak jaso ostean.
Donostiak uda sasoian kolapsatzeko arrisku handiak dituela jakinda, hilabeteak eman dituzte turismo sasoiko hilabeteetarako “neurri bateria oso osatua” prestatzen, eta zinegotziaren arabera, hiru neurri izan dira emaitza positibo horren gakoak: disuasio aparkalekuak, Dbuseko erabiltzaile kopurua eta jatorrian informazio gehiago emateko ahalegina.
Yarzak adierazi duenez, “uda honetarako helburu nagusietako bat hiriko garraio publikoaren funtzionamendu egokia babestea eta erraztea zen, eta datuak esperotakoak baino hobeak izan dira”. Hala, Dbusek inoizko datu onenak jaso baititu uztailan (2.776.446koa) eta bidaiarien kopurua handitu ez ezik, joan-etorrien puntualtasuna hobetzea ere lortu dutela adierazi du udaleko ordezkariak. Era berean, gora egin du Dbizi bizikleta zerbitzuak: 365.000 bidaia baino gehiago zenbatu dira uztailean, iaz baino 120.000 gehiago.
Aparkalekuak beteta
Edonola ere, bisitariek eta donostiarrek auto pribatua erabiltzen jarraitu dute hilabeteotan. Ekainean, % 23 igo zuen aparkalekuen prezioa mugikortasun sailak, uda sasoian Erdialdeko trafikoa murrizteko helburuarekin, baina aurtengo kopuruak iazkoen antzekoak izan dira: “Aurten, aparkalekuei buruz disuasio neurri gisa planteatutako neurriak berandu eta mailaka ezarri dira, eta, bera, oraindik ez dugu horien eragina baloratzeko erreferentzia nahikorik”, zehaztu du Yarzak.
Igoera nabarmena izan dutenak, berriz, disuasio aparkalekuak izan dira, eta batik bat Ibaetakoan aparkatu dituzte auto gehien. 10.019 ibilgailuk erabili dute mendebaldeko aparkaleku hura, eta orotara, 20.040 ibilgailu izan dira autoa kanpoaldean utzi dutenak. Illunbe aparkalekuan eskaintzen den zuzeneko autobus zerbitzuak, baina, jaitsiera nabarmena izan du uda honetan, ordainpekoa izan baita: “Bagenekien ordainpeko izateak eragina izan lezakeela eskarian, baina gure ustez bisitarientzako den linea baten prezioa ez dugu zertan donostiarrok ordaindu behar”, adierazi du zinegotziak.
Aplikazioak mesedegarri
Disuasio aparkalekuen gorakada udako hilabeteetan egindako informazio kanpainari egotzi dio Mugikortasuneko eta Garraio Jasangarriko zinegotziak. Azaldu duenez, ahaleginak egin dituzte aparkalekuei buruzko informazioa Interneten kokatzeko eta hiriko trafikoaren egoera une oro emateko, Google Maps eta Waze plataformen bitartez. Trafikoaren dentsitatea neurtu eta helarazten duten aplikazio horiek ere eragina izan dutela nabarmendu du zinegotziak, “lau aldiz baino ez da aktibatu” trafikoa erregulatzeko protokoloa.
Autokarabanak, arazo iturri
Autokarabanak Erdialderaino iristen ez diren arren, arazo ugari sortzen dituzte hiriko mugikortasunean. Uda partean, Berio eta unibertsitateen inguruan pilatzen dira, gure ingurura ailegatzen diren autokarabanazaleen kopurua nabarmen gainditzen baitu hiriak egun eskaintza. Arazo horretaz jabetuta, udalak bigarren aparkaleku bat ezarri du Illunben, baina arazoak bere horretan jarraitu du, ibilgailu gehienak Berio ingurura gerturatu baitira.
Gauzak horrela, zinegotziak adierazi duenez, halako ibilgailuak kontrolatzeko gailu bat jarri dute martxan gatazka gehien sortzen duten eremuetan, eta salaketak jarri dituzte (331), ez dagokien eremuan aparkatzeagatik. Aurrera begira, ordea, alternatibak egon daitezkeela aurreratu du: “Udalak ez, baina badakigu esku pribatuetatik aparkaleku gehiago egiteko asmoa dutela, dagokien zerbitzuekin eta beste, baina udalaren aldetik gure helburua zirkulazio ordenantzaren moldaketa egitea da eta horrekin lortuko genuke autokarabanen zirkulazioa Donostian ondo regulatuta egotea”.