Devenir Europeo elkarte naziak bere propaganda jarri du Martutenen
Donostia ez da diskurtso arrazisten eta ultraeskuindarren zabalkundetik libratzen ari, eta horren erakusgarri den beste gertakari bat izan da asteburu honetan. Hain zuzen ere, Devenir Europeo elkarte naziaren kartelak agertu dira Martutene auzoan eta inguruan, pertsona arrazializatuen eta demokraziaren aurkako mezuekin; elkarteak berak sareetan zabaldu ditu zenbait argazki. Hala ere, erantzuna eman diote gertakariari, nazien kartel batzuk kendu eta kartel antifaxistak jarri baitituzte auzoan, beheko argazkian ikus daitekeen moduan.
Ez da kasualitatea kartel horiek Martutenen agertu izana. Izan ere, azken hilabeteotan, lapurretak ugaritu dira auzoan, eta askok inguruko eraikin batzuetan bizi diren gazte migranteak, bazterkeria egoera larrian daudenak, jarri dituzte jomugan. Sarroeta auzo elkartea jarrera antirrazista argia erakusten ari da eta aferari irtenbide integrala emateko eskatzen ari da aspalditik, besteak beste, Herrerako eta Egiako auzo elkarteak egiten ari diren moduan. Hala ere, diskurtso arrazista eta biolentoak ere zabaltzen ari dira auzoan. Europako joerari jarraiki, hiri osoan gertatzen ari den zerbait da hori, eta horri aurre egiteko mobilizatu ziren hiriko 30 eragile baino gehiago abuztuan.
Devenir Europeo, elkarte nazi bat dela agerikoa bada ere, legala da, Espainiako Barne Ministerioaren erregistroan modu legalean baitago erregistratuta 2008tik, izaera historikoko elkarte gisa. Aldiz, konplexurik erakusten dute sinbologia nazia euren sareetan, webgunean eta propagandan, baita Rudolf Hessen eta Adolf Hitlerren beraren moduko figurak goraipatu ere. Público hedabideak elkartearen inguruko erreportaje zabala ondu zuen otsailean, eta, jaso zuenez, 236 jarduera egin zituen elkarte naziak 2023an, estatuko 60 bat udalerritan.