100 arraunlarik bat egin dute Ernairen igandeko mobilizazioarekin
Igande honetan Ernaik egingo duen manifestazioa babestu dute arraunaren munduko 100 kirolarik, Arraunlariok bat eginez manifestua aurkeztuta. “Deialdiarekin bat egin, eta honekin batera Ernairen aurkako eraso ekonomiko eta politikoa gaitzetsi zein isunduak izandako gazte guztiei gure elkartasuna adierazi nahi diegu”, adierazi dute arraunlariek.
Mozal Legearen “aurkako jarrera”erakutsi dute sinatzaileek, “izan ere, herritar ororen oinarrizko eskubideak kolokan jartzen dituela deritzogu”, argudiatu dute. Aipaturiko legea “adierazpen askatasunaren aurkako tresna” dela iritzi dute eta “sistematikoki” erabiltzen dela kritikatu dute.
Irailaren 8an arraunlari horietako askok Kontxako estropadan arraun egingo badute ere, 13.30ean mobilizazioarekin bat egiteko deia egin dute kirolariek: “Bidegabekeria honen aurrean arraun egitea dagokigu, indarrak batuz norabide berean ekinez. Gurekin batera dei egin nahi diogu euskal gizartearen osotasunari deialdiarekin bat egitera eta elkartasun hitzordu honetan parte hartzera”.