Cementos Rezolako langileek bertan behera utzi dute greba
LABek, gehiengo sindikalarekin, akordioa lortu zuen atzoko bileran, "nahitaezko kaleratzerik" ez egotea adostu ostean. ELAk, berriz, auzi eskaerarekin jarraituko du.

Enpresa Batzordean gehiengoa duen LAB sindikatuak jakinarazi du ez duela Cementos Rezola Donostiako Heidelberg Materialsen enplegu erregulazioko espedientea judizializatuko, ez baitago “nahitaezko kaleratzerik”. Ohar bidez jakinarazi duenez, astelehen honetan enpresa-batzordeak (LABek eta ELAk osatzen dute) bilera bat izan du zuzendaritzarekin eta bilkura horretan, “enpresak bere proposamena hobetu du”. LABek adieazi duenez, “ez da nahitaezko kaleratzerik egongo”, eta, horregatik, konpromisoa hartu du greba bertan behera utzi eta “erregulazio espedientea auzitegietara ez eramateko”.
LABek ez bezala, ELAk enplegu erregulazioko espedientearen aurka jarritako auzi eskearekin jarraituko duela jakinarazi du azken orduetan, sindikatuaren arabera, “nahitaezko kaleratzeak baitaude oraindik”. ELAk adierazi duenez, astelehen honetan batzordeak eta enpresako zuzendaritzak egindako bileraren ostean, “enplegua suntsitu dute eta ez dute enpresaren bideragarritasuna bermatzen”.
ELAk halaber, LABek eta enpresako zuzendaritzaren arteko akordioa kritikatu du. Bere ustez, LABen onespena “eduki indibidualak negoziatuta” eta “lan taldearen interes kolektiboak alde batera utzita” lortu du. Horren aurrean, “lantegiaren etorkizuna” defendatzeko jarrera irmoa agertu du, eta “borondatez lantegia utzi nahi duten pertsonek, bizimodu duina izatea ahalbidetuko dieten baldintzetan egin ahal izatea”. Horiek horrela, enplegu erregulazioko espedientearen prozesuaren aurka jarritako auzi eskaerarekin jarraituko du.
Ekainetik greban
Heildeberg Materialsek ekainean jakinarazi zion Añorgako ordezkaritza sindikalari enplegu erregulazioko espediente bat aplikatzeko asmoa zuela, planta deskarbonizatu ahal izateko. Enpresaren bide berriak aurrera eramateko klinker ekoizpena ezabatu du, eta Añorgako plantako jardueraren bi heren murriztu. Horrek lan taldeari eragin dio bete betean, 56 behargin sartu baitituzte espedientean.
Zuzendaritzaren arabera, baina, langile horiei aurre erretiroak, birkokapenak eta bestelako lanpostuak eskaini zaizkie. 56 langile horietako 52k enpresak eskainitako neurriak onartu dituzte. Azken egunotako datuen arabera, 16 langilek aurre erretiroa hartu dute, 26k kalte ordaina jaso dute eta birkokapen programan sartu dira, eta 10 Arrigorriagara joango dira.