Film berezi bat aukeratu dute Sebastiane sariaren 25. urteurrena ospatzeko
Donostiako Zinemaldiak 2000ko irailaren 30ean eman zuen lehendabiziko aldiz Sebastiane saria. Gehitu elkartea izan zen sustatzailea, “homosexualitatearen errealitate soziala” hobekien islatzen zuen filma aitortzeko. Ordutik, 24 film saritu dituzte. Cesc Gay zinemagilearen Krámpack izan zen lehena, eta Esti Urresolaren 20.000 especies de abejas, orain arteko azkena.
Aurten 25. pelikularen txanda izango da. Izan ere, 25 urte bete ditu Sebastiane sariak. Urteurrena ospatzeko 2017an saria eskuratu zuen 120 battements par minute filmaren emanaldi berezi bat egingo dute hilaren 22an, Principe zinema aretoetan (18:15). Han izango dira Robin Campillo zuzendaria eta Nahuel Perez aktore protagonista.
Sebastiane sariak bilakaera bat izan du, eta 2013an Gehituk Latinoamerikako filmei sari propio bat eskaintzea erabaki zuen, Sebastiane Latino izenpean. Ordutik, hamabi lan saritu dituzte, eta Baby filma da aurtengo irabazlea.
Hamalau lan
Aurtengo Sebastiane sariari dagokionez, hamalau film dira hautagaiak. Horietako bi Zuzendari Berriak sailean bildu dituzte: Bagger Drama eta Por donde pasa el silencio. Beste bost, berriz, Horizontes Latinos sailean: Cidade, Campo, El Jockey, Los domingos mueren más personas, Ramón y Ramón eta Reas. Beste hiru Zabaltegi-Tabakalera sailean: I Saw The TV Glow, Sombra grande eta Boku No Ohisama. Beste bat Perlak sailean: Emilia Pérez. Azkenik, beste hiru Made in Spain sailean: Norberta, Orgullo Vieja eta Reír, cantar, tal vez llorar.
Epaimahaia Gehituko hainbat kidek eta bi aktorek osaturikoa izango da: Eneko Sagardoi eta Anna Castillo. Sari banaketa, berriz, Groseko Bidassoa jatetxean izango da hilaren 27an, 19:00etan.
Hamargarren topaketa
Zinemaldiaren eta Gehituren arteko lankidetzaren beste emaitzetako bat da LGBTIQA+ Jaialdien Topaketa. Aurten hamargarrenez egingo dute, eta nabarmentzekoa da zinema iberoamerikarrean errealitate transmaskulinoak barneratzeari buruzkoa izango dela. Gainera, bederatzi herrialdetako 24 jaialdik bilera bat egingo dute hausnartzeko eta hainbat galderei erantzuteko.