Iñigo Llopisek bere bigarren domina eskuratu du Paralinpiar Jokoetan
Lau estiloetako 400 metrokoaren erreleboetan brontzezko domina irabazi du igerilari donostiarrak.

Ondo baino hobeto ari da Iñigo Llopis donostiarra Parisko Paralinpiar Jokoetan. Bizkar estiloko 100 metrokoan urrezko domina irabazi ondoren, beste domina bat eskuratu zuen atzo: brontzezkoa. Lau estiloetako 400 metrokoaren erreleboetako proban izan zen. Nuria Marques, Oscar Salguero eta Sarai Gascon izan zituen alboan erreleboetan.
Nuria Marques jaurti zen uretara lehenengo, eta taldea hirugarren postuan jarri zuen. Lehen 50 metroetatik hirugarren postuan igaro zen, eta hor jarraitu zuen 100 metroak betetzean, 1:10.08ko denbora markatuz. Gero, Oscar Salguerok hartu zion lekukoa. Kataluniarrak ezin izan zion erritmoari eutsi, eta laugarren postura jaitsi zen lehenengo, eta bosgarrenera gero. Orduan, jauzi egin zuen Llopisek igerilekura. Atzo, tximeleta estiloan aritu zen, eta maila onean aritu zen. Postu bat igo zuen 50 metrokoan, eta beste bi 100 metrotara iristean.
Donostiarrari esker, zilarrezko postua eskura izan zuten, 3:25.54 denborarekin. Gascon izan zen uretara salto egiten azkena, eta taldea podiumeko postuetan mantentzea lortu zuen. Taldeak 4:29.39 denbora egin zuen, Australiaren (4:27.08) eta Herbehereen (4:28.07) atzetik igotzeko podiumera.
Llopisek oraindik beste hiru proba ditu jokatzeko: estilo libreko 400 metrokoa (bihar), estilo libreko 100 metrokoa (irailaren 6an), eta lau estiloetako 100 metroko erreleboak (irailak 7).