Katixa Agirre, Amancay Gaztañaga, Urtzi Leonet, Megan Maxwell eta beste, aurtengo LUMAfest egitasmoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak LUMAfest literatura egitasmoa antolatu du aurten, hirugarren urtez. Gazte literatura eta gazteen sormena dira jaialdiaren ardatzak, eta irailaren 12tik 14ra bitarte egingo dute, Koldo Mitxelena Kulturunean, Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan. Goizane Alvarez kultura diputatuaren hitzetan, LUMAfesten helburua gazte literaturaren promozioa eta zabalkuntza dira, eta programa zabala prestatu dute, “hitza, idazketa eta irakurketa gazteen artean sustatzeko”.
Programazioa ere argitaratu dute, eta jakinarazi dutenez, hilaren 12an, Karlos Aretxabaleta, Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Amancay Gaztañaga eta Urtzi Leonet izango dira bertan. 20:15etik 20:45 bitarte, euskarazko mikroipuin lehiaketako sari banaketa egingo dute.
Hilaren 13an, Iria G. Parente, Selene M. Pascual eta Nando Lopez izango dira jaialdian. Gazte literatura andana idatzi dute beraiek, eta beren istorioetan genero eta pertsonai berriak exploratzen dituzte, baita aniztasuna edo LGTBIQ+ eskubideak ere. Beren liburuak hainbat hizkuntzetara itzuli dituzte, eta jaialdiaren edizio honetan El eco del destino trilogiaren lehen alea aurkeztuko dute. Gainera, 20:15etik 20:30era bitarte, gaztelaniazko mikroipuin lehiaketako sari banaketa egingo dute.
Eta jaialdia amaitzeko, hilaren 14an, Megan Maxwell, Sandra Miro eta Costa Alcala izango dira LUMAfesten.