Udalak 440.000 euro bideratuko ditu euskara ikasteko diru laguntzetara
Diru laguntza eskatzeko epea 2025eko maiatzaren 31 arte egongo da zabalik eta ikasleek, ikasturtean zehar, ikastaroa hasten duten egunetik eskatu ahal izango dute diru laguntza.
Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra arraun taldeek parte hartu dute aurtengo kanpainan. Donostiako Udala Donostiako Udalak, hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei, izen emateko aukera zabalik baitago dagoeneko. Jon Insaustik, Kulturako, Euskarako eta Turismoko zinegotzi ordezkariak, euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariekin batera aurkeztu dute aurtengo #euskaldunízate kanpaina. Zinegotziaren arabera, kanpainaren leloak “ezin hobeto jasotzen du” zabaldu nahi duten mezua, eta hala, aurreko urteetako lelo berarekin jarraitzea erabaki dute: “euskaldunizate hitz jokoak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, gaztelaniaz”.
Urteroko legez, ikasleei bultzada bat emateko asmotan, euskara ikastaroak diruz lagunduko dituela iragarri du udalak: 440.000 euro bideratuko ditu ikasleen diru laguntzetara. Horietatik, 135.000 euro xede bereziko ikastaroen ikasleengana bideratuko ditu udalak; hau da, merkatari eta ostalarientzako ikastaroetara, langabeentzako ikastaroetara, gurasoentzako ikastaroetara, erretiratuentzako ikastaroetara eta etorkinen ikastaroetara, besteak beste.
Edonola ere, aurreko urteetan egin den moduan, astean zehar egiten diren aurrez aurreko ikastaroez gain, bestelako ikastaro motak ere diruz lagunduko dira: barnetegiak, autoikaskuntzakoak eta udakoak, beste batzuen artean.
Baldintzak eta epeak
Diru laguntza eskatzeko baldintzak ondokoak dira: Donostian erroldatuta egotea, edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo enpresa batean lan egitea. Diru laguntza jasotzeko, berriz, baldintza hauek bete beharko dira: Euskaltegi edo bestelako zentro homologatu batean matrikulatzea; eskabidea beteta ezarritako epean aurkeztea; ikasturte amaieran, gutxienez, azpi maila bat gainditzea; eta, azkenik, %75eko asistentzia egiaztatzea.
Diru laguntza eskaera online egiteko aukera izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostiaeuskaraz.eus web orrietan. Eta, era berean, Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plaza, 2) edo Udalinforen bulegoetan (Easo, Arroka, Morlans eta Altza) ere eskatu ahal izango da. Diru laguntza eskatzeko epea 2025eko maiatzaren 31 arte egongo da zabalik eta ikasleek, ikasturtean zehar, ikastaroa hasten duten egunetik eskatu ahal izango dute diru laguntza.

