Beste itsasontzi baten aztarnak agertu dira Ondarretan
Duela hilabete itsasontzi zahar baten saihetsa topatu ostean, orain beste itsasontzi baten aztarnak topatu dituzte Ondarretan.
Itsasontzi zahar bateko krosko baten zati bat agertu da Ondarreta hondartzan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak talde bat jarri du martxan pieza horren ondare balioa ikertzeko. Adituek uste dute XIX. mendean Bizkaitik burdina ekartzeko gabarra baten aztarnak izan daitezkeela. Azken egunetako itsasbehera handiari esker agertu dira aztarnok, eta arkeologoek gaur, bihar eta etziko itsasbeherak baliatuko dituzte aztarnak aztertu eta dauden tokitik ateratzea merezi duen ala ez erabakitzeko.
Ondarretan egindako adierazpenetan, Gipuzkoako Kultura diputatu Goizane Alvarezek adierazi duenez, “lehen zantzuen arabera, hareazko luiziak gainazalean utzitako elementuak ikusita, badirudi hamabi metro luze den ontzi baten kroskoa dela”. Antza denez, egurrezko bigarren pieza aurreko aurkikuntzatik hogei bat metrora dago. Nolanahi ere, aurreratu duenez, azken aurkikuntza baino handiagoa da eta beraz, “konplexuagoa” izango da elementuak atera eta identifikatzea.
Mertxe Urteaga foru arkeologoak adierazi duenez, “ikusten diren elementu batzuek adierazten dute ontzien kroskoaren ohola egiteko erabiltzen ziren piezak direla, baina lehenik eta behin aurkikuntzaren planta osoa erregistratu behar da, zer den identifikatzeko eta kontserbazio egoerari buruzko xehetasun gehiago jakiteko”.