Erraustegiaren aurkako giza katea egingo dute igandean Kontxan
Zubietako erraustegiaren aurkako giza katea egingo dute igandean Kontxako hondartzan, 11:00etan. Donostia Bizirik elkarteak, Larramendiko Arnasak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatu dute, adierazi dutenez, hondakinen kudeaketan bereziki Donostiako Udala egiten ari den “kudeaketa negargarria” salatzeko.
Antolatzaileek nabarmendu dute Zubietako erraustegiak hasieratik eduki dituela “hamaika matxura, oker, istripu, isurketa eta kutsatze”. “Batzuk herritarren begi eta belarrietaraino iritsi dira. Zubietako Arkaitzerreka erre zuten, geroztik han ez da ez arrain eta ez beste bizidunik. Duela gutxi, Nafarroako Gobernuak Artaxoako hondakin planta bat itxi behar izan zuen… eta hala jakin genuen Gipuzkoako agintariek modu ilegalean 5.500 tona hondakin kutsatu bidali zutela hara”, adierazi dute.
Gehitu dutenez, badira kutsatze “are handiagoak”, herritarrei ezkutatzen zaizkienak. “Erraustegiak 100 tona hondakin erreta hiru tona errauts oso toxiko sortzen ditu… eta milaka tona horiek “zabor turismoa” egiten dute Gaztelako Santovenia de Pisuergaraino. Horiez gain, erraustegiak sortutako zepa edo eskoriek askoz tona gehiago osatzen dituzte eta horiek bazter guztietara bidaltzen dira Zubietatik, zabortegietara edo zementu fabriketara, azpiegitura handietan ezkutatzeko. Eta milaka tona CO2 zabaltzen ditu atmosferan: erraustegia izango da Gipuzkoan klimaren aldaketa eragiten duen gai hori gehien aireratzen duena”, salatu dute.
Maiatzean, Herbeheretako ToxicoWatch fundazioko ikertzaileek azken bost urteotan erraustegiaren inguruetan jasotako laginen analisien emaitzak publikoki azaldu zituzten, baita Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere. ToxicoWatchek bost urteotan egindako neurketetan “asko kezkatzeko moduko emaitzak” azaldu dira, inguruko lur-zoruan, uretan, goroldiotan, landareetan eta oiloen arrautzetan nabari direlako dioxina, PCB, metal astun eta PIFAS kutsatzaileen igoerak. Hori dela eta, manifestazioaren antolatzaileek Zubietako erraustegia “behingoz ixteko” eta hondakinen kudeaketa “eraginkorra” egiteko eskatu diete Gipuzkoako agintariei.