Txomiñeneko haurren eta familien festa da
Ostiralean hasi ziren auzoko festak, Donostia Arraun Lagunakeko neskei egindako omenaldiarekin.
Nabarmen hazi da azken urteotan Txomiñenea auzoa. Familia asko joan dira hara bizitzera, eta, noski, haurrak ugaritu dira. Gazteturiko auzoak festak biziberritzea lortu du, eta aurten ere behar bezala ospatu nahi dituzte.
Herenegun izan zen txupinazoa, buruhandiekin eta omenaldi berezi batekin. Donostia Arraun Lagunakeko neskak izan ziren txupinazoko protagonistak. Egin duten denboraldi paregabea aitortu eta eskertu zien jai batzordeak. Nolabait, Kontxako Banderaren bigarren banderan bizitakoaren aurrekari bat izan zen, bandera bera auzoan geratuko delako. Ordutik aurrera, auzoko txikienek eta euren familiek buruhandiez gozatzeko aukera izan zuten.
Hiru eguneko festa gaur bukatuko dute, oraindik ere jarduerarik badelako.